Mundua -

Kronika

Mexikon Estatu ituna adostu dute Michoacanerako

Eskualdeko hauteskundeetan hautagaitza bakarra aurkeztearen alde agertu dira PRD, PRI eta PAN alderdi nagusiak.

Iñigo Bilbao

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batzarra egin dute Mexikoko alderdi nagusietako buruzagiek Michoacan estatuan azaroan egitekoak diren hauteskundeei begira Estatu ituna adosteko. Ekintza Nazionala (PAN), Alderdi Iraultzaile Instituzionala (PRI) eta Iraultza Demokratikoaren Alderdia (PRD) dira, Mexikon, indar handiena duten erakunde politikoak. Kezkatuta daude Michoacan aldean jazotzen denarekin, gaizkileen indarkeriak hankaz gora jarri baitu eskualdea. Ezkerraren esku dago Michoacan eta bertan La Familia taldearen erasoak sufritzen dituzte, batez ere.

Humberto Moreira (PRI), Gustavo Madero (PAN) eta Jesus Zambrano (PRD) Mexiko Hiriko hotel batean elkartu ziren Leonel Godoy Michoacaneko gobernadorearekin. Adostutako gaien artean, aipatu hauteskundeei begira alderdien arteko liskarrak, gerra zikinak eta irainak albo batera uztea erabaki zuten. Ez hori bakarrik, hauteskundeotan hiru alderdien oniritzia jasoko lukeen hautagaitza bakarra aurkeztea aztertzen ari direla jakinarazi dute hiru buruzagiek.

Batzarra “giro lasaian” egin zutela aitortu dute politikoek, nahiz eta PRI eta PAN alderdien arteko liskarrak ageri-agerikoak izan diren egunotan. Ekimenarekin aurrera egiteko, batzar berria egingo dute hiru politikoek datorren asteartean, besteak beste gizarte arloko gaiak adosteko.

PAN alderdiko buruak eman ditu ezagutzera hiru alderdiek azaroaren 13an Michoacanen egitekoak diren hauteskundeei begira adostutako sei konpromisoak: “Azaroaren 13ko hauteskundeak eredugarriak izan daitezela adostu dugu.

Hauteskundeotako emaitzak direnak direla, Michoacan eskualderako garapen egitasmo bateratua egingo dugu. Hautagaitza bateratua aurkeztea aztertzen ari gara, beti ere legearen aginduetara egongo dena eta alderdien oniritzia jasoko duena”.

Maderok jakinarazitakoaren arabera, Garapenerako Fundazio Michoacandarrak idatziko du hauteskunde programa. Berau eskualdean egingo duten galdeketa publiko baten emaitzetara mugatuko dela azpimarratu du eskuineko buruzagiak. Hori guztiori lotzeko datorren asteartean batzartuko dira berrio, hiru alderdiak.

Godoy gobernadoreak, bere aldetik, hiru alderdiek eskualdean dituzten buruzagiekin batzartuko da datorren astean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea