Mundua -

Base militarra

AEBk Area 51ko segurtasuna indartu du balizko eraso jendetsu bati aurre egiteko

Estralurtar zaleak Nevadako desertura heltzen hasi dira AEBko base militarra erasotzeko deialdiari erantzunez.

Area 51ra sartzeko errepidea, Nevadako desertuan. Argazkia: pixabay.com
Area 51ra sartzeko errepidea, Nevadako desertuan
Area 51ra sartzeko errepidea, Nevadako desertuan. Argazkia: pixabay.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka estralurtar zale elkartu dira Nevadako desertuan Area 51ko instalazio estatubatuarrari eraso egiteko. Urte askoz bolo-bolo ibili da AEBko Gobernuak estralurtarren sekretuak gordetzen dituela base militar horretan. AEBko Indar Armatuak segurtasuna indartu du base militarraren inguruan.

Sare sozialetan olgeta gisa hasi zena ausarkeriazko deialdi jendetsua bihurtu da eta indar armatuen erantzun garrantzitsua eragin du: Area 51 inguruko aireko espazioa itxi egin dute astelehenera arte, eta 150 agente gehiago izango dira inguruetan.

Las Vegaseko iparraldetik 240 kilometro ingurura dago Area 51ko base militarra. Gunea sekretupean egon zen hainbat hamarkadetan, objektu hegalari ezezagunen eta estralurtarren teoriak suspertuz. 2013ra arte AEBko Gobernuak ez zuen base militarraren berri eman; orduan, hegazkin espia sekretuak probatzeko erabili izan dutela esan zuen AEBko Inteligentzia Agentziak (CIA).

Orain dela hilabete batzuk, ekainean, Facebookeko bi taldek nazioarteko deialdia bota zuten irailaren 20an base militarrari eraso egiteko eta "bertan AEBko Gobernuak estralurtarren harira zer ezkutatzen duten ezagutzeko". Deialdia esku artetik ihes egin die: bi milioi pertsona baino gehiago deialdiari erantzun dio sare sozialean.

AEBko aireko indarrak erasoaren ondorioez ohartarazi die herritarrei. Izan ere, arma hilgarriak erabiltzeko baimena daukate. Hori dela eta, espero dute azkenean jendea joan ez dadila.

"Autobide estralurtarraren" kartelaren irudia, 375 errutan. Argazkia: Pixabay.com

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak