Mundua -
"Bigarren iraultza"
Milaka egiptoar Tahrir plazan, erreformak azkartzea eskatzeko
Tahrir plaza Egiptoko banderaz eta pankartaz beteta egon da. Pankartetan, Mubaraken erregimenarentzat lan egin eta lurraldeko diru publikoa lapurtu zutenak ikertzea eskatu dute.
Erredakzioa
Milaka egiptoar bildu dira gaur Tahrirko (Kairo) plazan, antolatzaileek "bigarren iraultza" deitu duten protestan. Han, agindu zituzten erreformak bizkortzeko eta Hosni Mubaraken eta haren jarraitzaile ohien aurkako epaiketak ahalik eta azkarren egiteko eskatu dute.
Mubarak, haren familia eta erregimeneko kideak epaitzeko atzerapenaz kexatu dira aktibistak. Gainera, Armadak, gaur egun 80 milioi biztanleko herrialdean agintea duenak, oraindik ordena berrezarri ez izana ere salatu dute.
Ustelkeria amaitzea ere eskatzen dute egiptoarrek. Kezka honen ondorioz atera ziren kaleetara urtarrilaren 25etik milaka manifestatzaile, eta otsailaren 11n Mubarakek bere karguari uko egin zion.
Protestak baretzeko saiakera moduan, agintariek Mubarak “ustelkeria kasuengatik eta manifestatzaileen aurka hilketa planifikatuak egiteagatik” epai zezaten eskatu zuten asteartean. Kondenatuz gero, Mubarakek heriotza zigorra jaso lezake.
Tahrir plaza Egiptoko banderaz eta pankartaz beteta egon da. Pankartetan, Mubaraken erregimenarentzat lan egin eta lurraldeko diru publikoa lapurtu zutenak ikertzea eskatu dute.