Mundua -
Epai historikoa
Italiako Konstituzionalak suizidio lagundua baimendu du, kasu batzuetan
Fabiano Antonianiri (DJ Fabo) hiltzen lagundu zion Marco Cappatoren alde egin dute epaileek. Antoniani tetraplegiko eta itsu geratu zen trafiko istripu baten ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Italiako Auzitegi Konstituzionalaren iritziz, lagundutako suizidioa ez da beti delitu, eta gaixotasun sendaezin edota egoera itzulezinetan zilegi dela ebatzi du. Epaia historikoa da, eta poza eragin du eutanasiaren eta heriotza duin baten aldekoen artean.
Konstituzionaleko epaileek hainbat kasu salbuetsi dituzte Zigor Kodeak auzi honetarako aurreikusten dituen zigorretatik. Hala, "gaixotasun sendaezin batek jota, sufrimendu fisiko eta psikologiko jasangaitza duten eta bizi-euskarriko tratamenduei esker bizirik dauden gaixoentzat" baimenduta egongo litzateke, "baldin eta erabakiak libre eta kontzienteki hartzeko gai bada".
'DJ Fabo auzia' bezala ezagutzen dena aztertu dute epaileek, Milango epaitegi batek hala eskatuta. Auzian, Marco Cappato Alderdi Erradikaleko kide eta eurodiputatu ohia zen akusatu nagusia. Cappatok Fabiano Antoniani DJ Fabo-ri hiltzen lagundu zion. Antonianik trafiko-istripu larria izan zuen, eta tetraplegiko eta itsu geratu zen. 2017an hil zen Suitzan, suizidio lagunduak egin diren klinika batean.
Cappatok pozik hartu du epaia, eta orain Italiako gizartea "libreagoa" dela nabarmendu du. "Epaileek erabaki dute: Faboren egoera berean daudenei hiltzen lagundu ahal diegu", adierazi du sare sozialetan.
2018ko urrian, Konstituzionalak urtebeteko epea —aurtengo irailera arte— eman zion Italiako Parlamentuari eutanasiaren inguruan zegoen lege hutsunea konpontzeko. Oraindik ez du egin.
Aurretik, iazko otsailean, Cappatoren kontrako auzia zeraman Milango Zigor Epaitegiak galdea egin zion Konstituzionalari, Zigor Kodeko 580 artikulua interpretatzea eskatuz.
Artikulu horren arabera, "beste pertsona bati bere buruaz beste egiten laguntzen dionari" urtebete eta 12 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.