Mundua -
Legegileak
Sebastian Kurz lehen ministroaren OVP alderdiak hauteskundeak irabazi ditu Austrian
Botoen % 37,1 eskuratu ditu. Gainera, Bigarren Mundu Gerraz geroztik alderdi irabazleak bigarrenarekin izan duen alderik handiena lortu du OVPk.
Agentziak | Erredakzioa
Sebastian Kurz Austriako lehen ministroaren OVP alderdiak garaipen argia lortu du hauteskundeetan, igande honetan, botoen % 37,1 eskuratuta, APA bertako albiste-agentziak jakitera eman duenez.
"Gaur Sebastian Kurzen eta Alderdi Popularraren eguna da", adierazi du Karl Nehammer OVPko idazkari nagusiak, eta bere alderdiaren garaipen "historikoa" azpimarratu du.
FPOren emaitza kaskarrak aprobetxatu ditu Kurzek; izan ere, azken hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, hamar puntu galdu ditu, bozen % 16,7 eskuratuta. 'Ibizagate' eskandaluak kalte egin dio FPOri. Emaitzen berri izandakoan, "koalizioarekin jarraitzeko agindu argirik ez dago", esan du Harald Vilimsky FPOko idazkari nagusiak.
Austriako Alderdi Sozialdemokratak (SPO) bigarren tokian jarraitzen du, baina Bigarren Errepublikako emaitzarik kaskarrena lortu du, bozen % 22,5ekin, 2017an baino 4,4 puntu gutxiago. Berdeak geratu dira atzetik, botoen % 13,1 lortuta (inoizko emaitzarik onena). Azkenik, NEOS alderdi liberalak bozen % 5,3 erdietsi ditu.
Honenbestez, Bigarren Mundu Gerraz geroztik alderdi irabazle batek bigarrenarekin izan duen alderik handiena lortu du OVPk; izan ere, 14,6 puntuko abantaila atera dio Alderdi Sozialdemokratari. Hain zuzen ere, SPOk zuen orain arteko marka, 10,7 puntukoa, 1990eko hauteskundeetan lortutakoa.
OVP-FPO zein OVP-SPO koalizioa posible litzateke emaitzokin, baita kontserbadoreen gobernu bat Berdeen eta NEOSen babesarekin ere.
Hala eta guztiz ere, Alexander Van de Bellen Austriako presidente federalak zuzenduko du negoziazioa. Gobernua osatzeko batere presarik ez duela esan du Van de Bellenek igande honetan.