Mundua -

Udal-hauteskundeak Italian

Berlusconiren alderdiak porrota jaso du Milanen eta Napolin

Milango Udalean 20 urteko gobernu kontserbadorearekin amaitu du zentro-ezkerrak. Berlusconirentzat zartada latza da, izan ere, udal-hauteskundeak plebiszitu gisa planteatu zituen lehen ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako udal-hauteskundeetako bigarren itzulian garaipena lortu du Giuliano Pisapia zentro-ezkerreko hautagaiak Milanen.

Letizia Moratti PDL Silvio Berlusconi lehen ministroaren alderdiko hautagaiak botoen % 46,5 lortu ditu eta Pisapiak bozen % 53,5, igorritako aurreneko datuen arabera. Moratti alkate izan da orain arte.

Era berean, Napolin, bigarren itzulia beharrezko izan duen beste hirian, Luigi De Magistris IDV zentro-ezkerreko hautagaiak garaipena lortu du, botoen % 54,5 lortuta. Gianni Lettieri zentro-eskuineko hautagaiak botoen % 45,5 eskuratu ditu soilik.

Milango Udalean 20 urteko gobernu kontserbadorearekin amaitu du zentro-ezkerrak. Berlusconirentzat zartada latza da, izan ere, udal-hauteskundeak plebiszitu gisa planteatu zituen lehen ministroak. Horrez gain, hauteskunde-kanpainako lehen itzulian zerrendaburu aurkeztu zen Berlusconi Lonbardiako hiriburuan.

Hiriburu ekonomikoaren alkatetza galtzeko aukeraren aurrean, iragan astean bi ministerio Milanera lekualdatzeko proposamena egin zuen Berlusconik lehen itzulian jasotako porrota ikusita, eta baita Liga Norte (LN) lasaitzeko ere.

Lehen itzulia

Duela bi aste egindako lehen itzulian Pisapiak emaitzarik onenak lortu zituen dagoeneko, izan ere, botoen % 48,04 lortu zituen eta Morattik % 41,58, baina alkatetza zuzenean lortzeko babes nahikorik ez zuen eskuratu orduan.

Mario Morcone Alderdi Demokratako hautagaia jokoz kanpo utzi zuen lehenengo itzuliak Napolin, nahiz eta azken 15 urteetan gobernuan izan. Baina ustelkeria kasu ugariek eta zabor krisiaren kudeaketa eskasak borrokatik kanpo utzi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea