Mundua -

FRANTZIA

Gaur emango diote azken agurra Chirac presidente ohiari

Eguerdian egingo den hileta-elizkizun ofizialean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta nazioarteko hainbat agintarik parte hartuko dute.

Jacques Chirac Frantziako presidente ohia. Artxiboko argazkia: EFE
Jacques Chirac Frantziako presidente ohia
Chiracen hilkutxa ohore militarrekin agurtu dute Les Invalides jauregian

1:25

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzian, dolu eguna dute gaur Jacques Chirac presidente ohiaren omenez. Ostegunean hil zen, 86 urterekin, eta gaur egin dute haren aldeko hileta-elizkizuna. Frantziako politikariek ez ezik, nazioarteko hainbat agintarik ere hartu dute parte bertan.

Atzo, igandea, 7.000 pertsona inguru joan ziren Parisko Les Invalites jauregian jarrita zegoen hil-kaperara, presidente ohiari azken agurra ematera.

Ifop Demoskopia Institutuak ostiralean egindako inkesta baten arabera, Charles de Gaulle Errepublikako fundatzailearekin batera herritarrek gehien estimatzen duten presidentea da.

Gaur, astelehena, dolu eguna izaki, Frantziako eraikin publiko guztietako banderak masta erdian egongo dira. 15:00etan, ostera, minutu bateko isilunea egingo dute administrazio publikoko eraikinen eta hezkuntza zentroen aurrean.

09:30ean hasi da hileta-elizkizuna, Les Invalites elizan, familia artean.

Ondoren, Emmanuel Macron presidentea buru dela, omenaldi militarra egin diote. Segidan, presidente ohiaren gorpua Saint-Sulpice elizara eramango dute, eta bertan omenaldia egingo diote Michel Aupetit artzapezpikuak gidatuta. Bertan izango dira bizirik dauden Frantziako hiru presidente ohiak eta alderdietako ordezkariak, Marine Le Pen salbu.

Nazioarteko zenbait agintari Parisen izango dira, Vladimir Putin Errusiako presidentea, Sergio Mattarella Italiako presidentea edota Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea tartean. Horiez gain, Belgikako, Hungariako edota Libanoko lehen ministroek eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ere parte hartuko dute.

Jacques Chirac Parisko Montparnasse hilerrian hobiratuko dute, 2016an hil zen Laurence alabaren alboan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia argazkiak Eguneko albisteak Albisteak