Mundua -

Portugal

Inkestek Alderdi Sozialista jotzen dute faboritotzat Portugalgo hauteskundeetan, gaur

Egungo lehen ministro Antonio Costak aukera handiak ditu karguari eusteko, baina ziur aski beste alderdiren baten babesa beharko du.

Inkesten arabera, baliteke Antonio Costak Gobernuburu jarraitzea. Argazkia: EFE.
Inkesten arabera, baliteke Antonio Costak Gobernuburu jarraitzea. Argazkia: EFE.
Ezkerrak herritarren babesa jasoko du Portugalen, inkesten arabera

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inkesten arabera, Alderdi Sozialistak irabaz litzake gaur Portugalgo hauteskundeak, eta egungo lehen ministro Antonio Costak karguari eutsiko lioke. Costak, baina, Gobernuburu izaten jarraitzeko, beste alderdiren baten edo alderdi batzuen babesa beharko luke.

Bederatzi milioi portugaldarrek baino gehiagok dute aukera, igande honetan, botoa eman eta Errepublikako Asanblada berritzeko. Parlamentu horrek Ganbera bakarra du, eta 230 diputatu daude bertan. 2015eko azarotik, Costak zuzentzen du; izan ere, Alderdi Sozialistak, Ezkerreko Blokearekin eta Alderdi Komunistarekin adostutako akordio berri bati esker, koalizio kontserbadoreari boterea kendu zion.

Sozialistak, orduan, gobernatzen hasi ziren. Hasiera batean, zalantzak zeuden, kanpoko babesen mendean zeudelako; baina nahiko egonkorra izan da Gobernua. Ekonomiari dagokionez, suspertu egin da Portugal; azken urteotan, alde batera utzi du finantza-krisian zegoela eskatutako erreskate-plana.

Inkesten arabera, Alderdi Sozialista garaituko da; Alderdi Sozial Demokratikoari (PSD), alegia, alderdi kontserbadore nagusienari, 15 punturainoko aldea atera liezaioke. Gehiengo osotik urrun leudeke sozialistak, baina garaipen argia lortuko lukete, eta Costak, beste alderdi batzuen botoekin, lehen ministro jarraitzeko aukera izango luke.

97-107 diputatu, inkesten arabera, sozialistentzat

Alderdi Sozialistak 97-107 aulki lortuko lituzke. Azken legealdian, 86 izan ditu, eta aise gaindituko luke muga hori, baina babesik gabe agindu ahal izateko 116 beharko lituzke. RTP kate publikoak eta Publico egunkariak zabaldu dituzte inkesta horren emaitzak.

Costak, hortaz, hainbat aukera izango lituzke; besteak beste, komunistekin eta Ezkerreko Blokearekin izandako ituna berrestea (biekin batera, ala batarekin edo bestearekin). Nolanahi ere, sozialisten eta bi alderdi horien arteko harremanek okerrera egin dute azken hilabeteotan, eta Costak argi utzi du ez duela onartuko koalizio Gobernurik.

Ezkerrean dauden desadostasun horien ondorioz, gakoa Pertsonak-Animaliak-Natura (PAN) alderdia izan liteke. Inkestek gutxienez lau aulki ematen dizkiote, eta goraka doa. Haren diputatuekin, baliteke PSk gehiengoa izatea; dena dela, PANek ohartarazi du ingurumenari buruzko proposamenak egingo dituela, negoziazioan.

Aurreikuspen txarrak, PSDrentzat

Inkestek, baina, ez diote aurreikuspen onik ematen 2018tik Rui Rio zuzentzen duen PSDri. Alderdiak emaitza txarrak izan zituen maiatzean, Europako hauteskundeetan: botoen % 22 lortuta, historiako balantzerik txarrena, hain zuzen ere. Orain, inkestek % 30 ematen diote, baina 2015eko hauteskundeekin alderatuta, behera egingo luke.

Egungo Gobernuak duen argudiorik sendoena da Portugaleko ekonomiak Europako batezbestekoak baino gehiago egin duela gora (2019rako, BPGa % 1,9 egin lezake gora), eta defizita azken lau hamarkadetako punturik baxuenean dagoela. Aurtengo aurreikuspena da defizita bi hamarren bakarrik haztea, eta Gobernuak hitzeman du 2020rako superabita izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Portugal Hauteskundeak gaur