Mundua -
Iskanbila
Bristoleko 4 langile atxilotu dituzte gaixoei torturak egitea egotzita
Winerbourne View ospitaleko jabeak, Castebeck enpresak (autistak eta ikasteko arazoak dituen pertsonak tratatzen dituzte bertan), barkamena eskatu du publikoki eta 13 langile kaleratu ditu.
Erredakzioa
Bristoleko Poliziak ospitale pribatu bateko lau langile atxilotu ditu, gaixoei ustezko "torturak" egitea leporatuta. Ikerketa BBC kateak hasi zuen, ''Panorama'' programarako egindako erreportaje batekin.
Winerbourne View ospitaleko jabeak, Castebeck enpresak (autistak eta ikasteko arazoak dituen pertsonak tratatzen dituzte bertan) barkamena eskatu du publikoki eta 13 langile kaleratu ditu. ''Panorama'' programako ikerketa talde batek bost astez grabaketak egin zituen ospitalean, eta bertan gaixoek pairatzen zituzten tratu txarrak probatu egin zituzten.
Filmaketan, gaixoak dutxetara behartuta eta jantzita eramaten dituztela ikus daiteke eta, hainbatetan, zaplastekoak ematen dizkietela. Tratu txar horiek "torturak" direla adierazi du Andrew McDonell psikologoak.
Bideoan 18 urteko gaixo bati egindako tratu txarrak ikus daitezke: langileek neskatoa iraindu egiten dute, ileetatik tira egiten diote, ostikoak ematen dizkiote eta, jantzita dagoela, ur hotza botatzen diote gainetik. BBC kateari egindako adierazpenetan, langile batek zera azaldu du: ''35 urtetan hainbat gauza ikusi ditut, baina hau guzti horien gainetik dago".
Gaixo bakoitzeko 4.000 euro kobratzen ditu ospitalean, eta enpresak 104 milioi euro irabazten ditu urtean.