Mundua -
Ziber-erasoa
Gmailen aurka ustez Txinatik egin duten eraso bat galarazi du Googlek
Teknologia konpainia erraldoiak jakitera eman duenez, AEBetako eta Asiako "goi-kargudunen ehunka pasahitz lapurtzeko plana" zen.
Erredakzioa
Googlek gaur iragarri duenez, AEBetako eta Asiako "goi-kargudunen ehunka pasahitz lapurtzeko plan bat" galarazi du.
Blog ofizialean azaldu dutenez, Googlek lapurreta saiakera "atzeman eta galarazi" egin zuen eta gero "biktimei" jakinarazi zien, "helbide elektroniko kontuak segurtatu zituen eta dagokien gobernu-erakundeak jakinaren gainean jarri zituen".
Ziber-erasoa "dirudienez Txinako Jinan hiritik egin zen" eta AEBetako goi-kargudunez gain, "Txinako ekintzaile politikoak, Asiako hainbat herrialdetako (Hego Koreakoak gehienak) funtzionarioak, militarrak eta kazetariak" zeuden jomugan.
Googlek ez du zehaztu erasoa noiz izan zen eta ezta nori lapurtu dioten Gmailen pasahitza.
Pirata informatikoek helbide elektronikoaren ezaugarriak aldatu nahi omen zituzten, mezuen berbidalketak aldatzeko.