Mundua -
Bilera Madrilen
Mugimendu demokratiko arabiarrak babestu dituzte Zapaterok eta Blairek
Gobernuko presidenteak eta Britainia Handiko lehen ministro ohiak azaldu dutenez, "udaberri arabiarra" Mediterraneoko herriekin harremanak indartzeko aprobetxatu behar du EBk.
Erredakzioa
Erreforma demokratikoen alde herrialde arabiarretan izaten ari diren mugimenduak "aukera handi" bat direla azpimarrratu dute gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eta Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohiak.
Europako Unibertsitatean hitzaldi bat eman behar du Blairrek eta horregatik Madrilen dago. Arratsaldean Zapaterorekin bildu da Moncloako Jauregian.
Komunikatu batean, bi agintariek "udaberri arabiarra" aztertu dutela azaldu du Espainiako Exekutiboak. Mugimenduak Mediterraneoko herriekin harremanak indartzeko aprobetxatu behar ditu EBk, Blairren eta Zapateroren hitzetan.
Era berean, Ekialde Hurbileko egoera, Palestinako bi fakzioen arteko adiskidetzearen ostean bake prozesuak duen etorkizuna, Barack Obama AEBetako presidenteak proposatutako bidai orria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren oposizioa aztertu dituzte.
Ekialde Hurbileko Laukotea zuzentzen du Blairrek. AEB, Errusia, Europar Batasuna (EB) eta NBEren arteko aliantza 2002an sortu zuten eskualdean bakearen alde lan egiteko.