Mundua -
DENBORALEA
Gutxienez bi hildako eta 60 zauritu Japonian, Hagibis tifoiaren ondorioz
Alerta gorenean jarraitzen du herrialdeak. Sei milioi herritar baino gehiagori euren etxeetatik ateratzeko gomendatu diete Japoniako agintariek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bi pertsona hil, hamar desagertu eta beste 60 zauritu dira Japonian, Hagibis tifoiaren iritsieraren ondorioz. Azken sei hamarkadetan Japonian izandako tifoirik handiena izango dela diote. Izan ere, sei milioi herritarri baino gehiagori euren etxeetatik ateratzeko gomendatu diete agintariek.
Bien bitartean, lau probintzia jendez husteko agindua eman du gaur goizean Japoniako Gobernuak, eta alerta gorena ezarri du herrialde osoan, Hagibis tifoia dela eta. Hala, Shizuoka, Tokio, Gunma, Wakayama eta Mie probintzietatik ehunka mila pertsona aterako dituzte ondorengo orduotan, uholde arriskua eta eraikinak behera etortzeko arriskua oso handia baita.
Japoniako Gobernuak emandako datuen arabera, 150.000 pertsona inguru aterako dituzte euren etxeetatik ondorengo orduotan, gehienak Mie probintzian. Larrialdietarako taldeek prestatutako aterpeetara eta tifoiak ustez eragin txikiagoa izango duen lekuetara eramango dituzte.
Bestalde, Gunma, Chiba, Tokio, Kanagawa, Yamanashi eta Shizuoka prefekturetan, oraingoz, ez dute jendea etxetik aterarazi, baina ebakuaziorako aholkuak jasotzen dituen gida banatu dute. 1,8 milioi biztanle bizi dira eskualde horietan.
Tokio hegoaldera iritsiko da gaur Hagibis tifoia, Pazifikoan aurten sortu den bederatzigarren zikloia. Orduko 30 kilometroko abiaduran doa tifoia, eta orduko 210 kilometroko haize-ufadak sortzen ari da, Japoniako Metereologia Agentziak jakitera eman duenez.
Bestalde, azken orduotan izandako euriteek ibaien ur-maila igo dute, uholde arriskua handia da eta luiziak izaten ari dira toki askotan.