Mundua -
Erresuma Batua
Hauteskundeak deitzen saiatuko da Johnson, EBk 'brexit'a atzeratzea onartzen badu
Asteartean, lehen ministro britainiarrak erdietsi zuen Komunen Ganberak Bruselarekin adostutako hitzarmena babestea; diputatuek, baina, ez zuten babestu hori larrialdi-prozeduran onartzea.
Agentziak | Erredakzioa
Boris Johnson lehen ministro britainiarra Erresuma Batuan aurreratuko hauteskundeak deitzen saiatuko da, Europar Batasunak onartzen badu brexita urtarrilera arte atzeratzea, Gobernuaren iturri batek BBCri jakinarazi dionez.
Asteartean, Komunen Ganberak oniritzia eman zion buruzagi kontserbadoreak Europar Batasunarekin negoziatu duen akordioari, baina Erresuma Batuko lehen ministroak lege horren tramitazioa geldiaraztea erabaki zuen, premiazko prozedura baten bidez onartu ezin zuela ikusita.
Johnsonen akordioa babestu arren, parlamentariek uko egin zioten legea hiru egunetan tramitatzeari; izan ere, 110 orrialdeko dokumentua da, eta astelehen gauean argitaratu zuen Erresuma Batuko Gobernuak.
Orain, Europar Batasuneko estatu kideek egoera aztertu behar dute, brexit-a urriaren 31tik harago atzeratzea onartzen duten edo ez erabaki aurretik. Johsnonek, Europar Batasuna uzteko epea luzatzea eskatu zion Bruselari joan den larunbatean, legediak behartuta igorri zuen gutun batean.
Erresuma Batuko lehen ministroak gutun hori bidali zuen arren, Gobernuko iturri batek BBCri ziurtatu dio Johnsonek ez duela onartuko hiru hilabeteko luzapen hori.
Buruzagi kontserbadoreak berretsi duenez, nahiago luke "zanga batean hilda egotea" brexit-aren data atzeratzea baino. Arrazoi horregatik, ez zuen sinatu nahi izan Bruselara igorri zuen gutuna , eta zehaztu zuen parlamentua zela, eta ez bere Gobernua, luzapena eskatzen zuena.
"Larunbatean, parlamentuak urtarrilera arteko atzerapena eskatu zuen, eta, orain, parlamentuak azken aukera galdu du", esan dio Gobernuko iturri horrek Erresuma Batuko telebista kateari.
Hauteskunde orokorrak, aurrera egin ahal izateko
Testuinguru horretan, “Bruselak epea luzatzea onartzen badu, herrialdeak aurrera egiteko modu bakarra hauteskunde orokorrak deitzea izango da, izan ere, parlamentua hautsita dago”, gaineratu du BBCren iturriak.
Asteartean diputatuek brexit-aren lege proiektua urgentziaz tramitatzeko hiru eguneko ‘bide orria’ atzera bota ostean, Johnsonek azpimarratu zuen orain EBko buruzagien jarrera zein den jakin arte itxaron behar duela, alegia, luzapena onartzen duten ala ez erabakitzen duen, eta zenbat denborarako.
Bestalde, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak asteartean aurreratu zuenez, “Boris Johnson lehen ministroak Erretiro Akordioa berresteko prozesua etetea erabaki ostean, eta akordiorik gabeko brexita saihesteko asmoz”, Erresuma Batuak eskatutako luzapena onartzeko gomendatuko die Europar Batasuneko estatu kideei.