Mundua -
Iruzkina
Bashar El-Assadek ez du egoera kontrolpean
Hainbat aferei egin beharko die aurre Siriako Gobernuak: herritarrek protestei eutsi diete eta gainera, Armada eta Poliziaren artean desadostasunak sortzen hasi dira.
Erredakzioa
Sirian, gero eta konplexuagoa da egoera. Atzerriko kazetariei sartzeko baimena eman gabe jarraitzen du Gobernuak eta beraz, iristen den informazioa tentu handiz jaso behar da. Dena den, badirudi herritarrek protestei eutsi dietela eta Armada eta Poliziaren artean desadostasunak sortzen hasi direla.
Duela egun batzuk, Gobernuak iragarri zuen 120 soldadu eta polizia hil zirela ekintzaile armatuek egindako erasoan, Turkiarekin muga egiten duen Yisr Al-Shugur hirian. Borroka odoltsua izan zela ondoriozta liteke eta erasotzaileak ehunka zirela; beste modu batera esanda, gobernuaren kontrako gerrilla baten erasoa izan zitekeela.
Baina beste irakurketa bat ere egin liteke: errejimenaren indarrek hil zituztela polizia eta soldadu horiek, El Assaden errejimenaren aurka protestan ziren manifestarien aurka eraso egiteari uko egin ziotenean.
Bestalde, hainbat kate arabiarrek bideo bat zabaldu dute; bertan Siriako ustezko ofizial batek bere desertzioa iragartzen du ez duelako errepresioan parte hartu nahi eta beste soldaduei gauza bera egiteko dei egiten die.