Mundua -

Tripoli bonbardatzeagatik

Gadafiren alabak NATO salatu du gerra krimenengatik

Salaketak apirilaren 30ean Tripolin egindako bonbardaketa jasotzen du. Libiako erregimenaren arabera, erasoan Gadafiren seme bat, hiru biloba eta inguruko bizilagunak hil ziren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aïcha al Gadafik, Libiako liderraren alabak, NATOren kontrako salaketa jarri du Bruselan, erakundeak Tripolin zibilen aurka egin zuen bonbardaketa bat dela eta gerra krimenak egin zituela iritzita, Belgikako komunikabideek gaur jakinarazi dutenez.

Belgikako Auzitegi Federalean jarritako salaketa horren bidez Europar Batasunak Muamar Al Gadafiren Gobernuari ezarritako irabazien blokeoa ere baliogabetu nahi duela esan du RTBF telebista kate publikoak.

Salaketaren ardatz nagusia apirilaren 30ean NATOk Tripolin egin zuen erasoa da. Libiako erregimenaren arabera, Gadafiren seme gazteena, Seif al Arab, 29 urtekoa, eta hiru biloba hil ziren bonbardaketaren ondorioz. Familiaren gertuko lagunak eta bizilagun batzuk ere hil omen ziren eraso hartan.

Gadafiren alabaren abokatuen ustez, aliatuek zibilak helburu gisa hartu izana gerra krimena da, eta hori salatu du abokatu horietako batek RTBF telebista katean.

Segurtasun Kontseiluko 1973. ebazpenaren arabera, NBEk Libian "beharrezko diren neurri guztiak" har ditzake herritarrak babesteko, baina bertan ez da jasotzen herritarren kontrako erasorik, ezta gerra kasuetan ere. Gainera, abokatu horien arabera, erasoa nahita egindakoa izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea