Mundua -
Estatu Islamikoa
Frantziak alerta ezarri du, Al Baghdadi hil ostean izan daitezkeen atentatuen aurrean
Al Baghdadi larunbat gauean hil zen, AEBko segurtasun indar bereziek Sirian, Turkiako mugatik gertu, egindako operazio militar batean.
Agentziak | Erredakzioa
Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak gutuna bidali die bere ministerioko agintari nagusiei, Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko buruzagia Sirian hil ostean, herrialdean izan daitezkeen atentatuen aurrean zaintza areagotzeko eskatuz.
"Propaganda jihadista areagotu daiteke datozen egunetan, haren heriotzagatik mendeku ekintzak eskatuz, eta, beraz, beharrezkoa da zaintza zorroztea herrialdean, bereziki zuen sailetan egingo diren ekitaldi publikoetan", ohartarazi du Frantziako Barne ministroak gutun horretan, Reuters albiste-agentziak zabaldu duenez.
Al Baghdadi larunbat gauean hil zen, AEBko segurtasun indar bereziek Sirian, Turkiako mugatik gertu, egindako operazio militar batean. Estatu Islamikoaren gorakadaren erantzulea izan zen, eta, 2014an, kalifa-herria aldarrikatu zuen. Igandean, Donald Trump AEBko presidenteak Al Baghdadiren heriotzaren berri eman zuen.