Mundua -

Erresuma Batua

Erresuma Batuak hauteskunde orokorrak egingo ditu abenduaren 12an

Boris Johnson lehen ministroak lortu du, azkenean, Komunen Ganberak hauteskundeak aurreratzeko plana babestea. Litekeean da Parlamentua azaroaren 6an desegitea.

Boris Johnson. Argazkia: EFE
Boris Johnson. Argazkia: EFE
Boris Johnson. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuak hauteskunde orokorrak egingo ditu abenduaren 12an, Boris Johnson lehen ministroak nahi bezala. Astearte honetan, Komunen Ganberak onartu egin du agintariari bozak aurreratzea ahalbidetzen dion lege bat, atzo hauteskunde deialdia errefusatu eta gero.

Hain zuzen ere, Johnsonen proposamenak 438 boto alde jaso ditu, eta 20 aurka. Alderdi Laboristak ere oniritzia eman dio.

Lorden Ganberak ere babestu behar du orain legea, azaroaren 6a baino lehen (egun horretan desegingo dira Ganberak), baina ia segurutzat jotzen da baiezkoa.

Europar Batasunarekin adostu zuen ituna bide azkarretik tramitatzen saiatu zen Johnson, baina Parlamentuak aukera hori baztertu zuen.  Harrezkero, bere helburu nagusia hauteskundeak aurreratzea izan da eta azkenean Alderdi Laboristaren babesari esker lortu du hala izatea.

Jeremy Corbynek esana zeukan bere alderdia hauteskundeen aurreratzea onartzeko prest egongo litzatekeela, Gobernuak akordiorik gabeko brexit-aren aukera baztertuko balu. Eta baldintza hori joan den astelehenean bete zen, Europar Batasunetik ateratzeko epea urriaren 31tik 2020ko urtarrilaren 31ra arte luzatzea onartu baitzuen Bruselak.

"Gure herrialdea eraldatzeko aukera aparta izango dugu hauteskunde hauetan", adierazi du Corbynek. Alderdi Laboristak "anbizio handiko kanpaina erradikala" egingo duela iragarri du, "Erresuma Batuan benetako aldaketa lortzeko".

Bestalde, Johnson txalo artean hartu dute Alderdi Kontserbadoreko ordezkariek Parlamentuan. "Hauteskunde gogorrak izango dira", adierazi du gobernuburuak BBC telebista-katean.

Abenduaren 12an hauteskundeak izango direla ziurtzat ematen bada ere, Lorden Ganberak berretsi behar du orain deialdi hori. Tramite hori gauzatuta, Parlamentua azaroaren 6an desegingo dute.

Johnsonen asmoa ez da soilik hauteskundeak irabaztea, Parlamentu berrian kontserbadoreek gehiengoa izatea nahi du, brexit-aren ituna onartu eta urtarrilaren 31an Europar Batasunetik ateratzeko. "Herria batzeko eta brexit-a lortzeko unea da", azpimarratu du bere alderdikideen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Ingalaterra Hauteskundeak Boris Johnson