Mundua -
Protestak
Milaka txiletarrek berriro kaleak hartu dituzte, Piñeraren politikak salatzeko
Sare sozialen bidez deitu zuten ekimenera, 'Inoizko martxarik handiena' lelopean, eta azken ostiraleko martxan lortutako irudia errepikatzea zen helburua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka pertsona berriro Txileko kaleetara atera dira, gizarte desberdintasunek eragindako atsekabeak bizirik jarraitzen duela erakusteko. Dagoeneko bi aste daramatzate protestekin eta gutxienez 20 pertsona hil dira
Herritarrak "modu masiboan" bildu ziren Valparaiso, Concepcion eta Punta Arenas hirietan.
Sare sozialen bidez deitu zuten ekimenera, 'Inoizko martxarik handiena' lelopean, eta azken ostiraleko martxan lortutako irudia errepikatu nahi zuten; 1,2 milioi pertsona bildu ziren duela astebete hiriburuko plazan.
Atzokoa ez zen aurreko astekoa bezain masiboa izan, baina jendetza batu zen, hala ere. 19:30 aldera, iturri ofizialek 20.000 pertsona zenbatu zituzten. Datu horiek oso kritikatuak izan ziren herritarren aldetik, pertsona gehiago izan zirela uste baitzuten.
Manifestariek hobekuntzak eskatzen dituzte pentsioetan, osasunean eta hezkuntzan, baita garraioaren elektrizitatearen eta kontsumo ondasunen prezio jaitsiera ere.
14 egun daramatzate protestekin, eta aurreko eskakizunei Sebastian Piñera presidentearen dimisioa gehitu behar zaie. Piñerak gizarte agenda bat iragarri du eta zortzi ministro kargugabetu ditu. Hala ere, ez ditu herritarrak konbentzitu.
Giza Eskubideen Institutu Nazionalaren arabera, 4.271 pertsona atxilotu eta 1.305 zauritu dituzte, horietako 755 tiroz. Gainera, atxiloketetan sexu-torturak, kolpeak, irainak eta legez kanpoko atxiloketak ere izan direla adierazi dute.