Mundua -
Klima-aldaketa
Macronek eta Xik 100.000 milioi dolar eskatu dituzte urtean klima-aldaketaren aurka
Halaber, ekosistemen degradazioa eteteko eta lehengoratzeko asmo handiko neurriak hartzeko "konpromiso irmoa" eskatu diete Frantziako eta Txinako presidenteek gainerako agintari politikoei.
Agentziak | Erredakzioa
Klima-aldaketari aurre egiteko, 2025era arte urtero 100.000 milioi dolar bideratzeko eskatu diete Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Xi Jinping Txinako homologoak herrialde garatuei. Halaber, 2020ra arte kopuru hori bera emateko konpromisoa betetzeko deia egin diete.
Macronek Pekinera (Txina) egindako bisitaren harira, bi agintariek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko adierazpen bateratua sinatu dute. Zehazki, "Pekingo Deialdia, biodibertsitatearen kontserbazioari eta klima-aldaketari buruz" izeneko dokumentuaren bitartez, Parisko Akordioaren aldeko "konpromiso irmoa" berretsi dute Macronek eta Jinpingek, "prozesu atzeraezin" hori klima-aldaketari aurre egiteko "neurri sendoak aurreikusten dituen iparrorratza" baita.
Testuinguru horretan, "belaunaldi berrien etorkizuna bermatzeko aurrekaririk gabeko ahaleginak egiteko prest" agertu dira Macron eta Jinping, eta klima-aldaketari aurre egiteko nazioarteko herrialdeen "ahaleginak bultzatu" eta "garapen berderako trantsizioa bizkortzeko" prest agertu dira.
Adierazpen horren bidez, 2020. urtea amaitu aurretik, berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria gutxitze aldera 2050era arteko garapen-estrategiak abiatzeko dei egiten diete "herrialde guztiei, nazioarteko agintariei, enpresei eta gobernuz kanpoko erakundeei".
Horrez gain, Kigaliko zuzenketa Montrealgo klimari buruzko protokolora "ahalik eta lasterren" egokitzeko eskatu dute, "mendea amaitu aurretik tenperatura 0,4 gradu igotzea eragotz baitezake".
Bestalde, biodibertsitatearen alde urratsak emateko "konpromiso irmoa" eskatu diete bi presidenteek gainerako agintari politikoei, eta elkarrekin lan egiteko deia egin diete, hemendik eta 2030era aurreikusitako "biodibertsitatearen galerari aurre egiteko".
Halaber, ekosistemak lehengoratzeko konpromisoa hartzeko eta lurreko eta itsasoko "ekosistemen degradazioa eteteko eta lehengoratzeko asmo handiko neurriak" hartzeko eskatu diete, gutxienez hondatutako ekosistemen % 30 berreskura dadin.