Mundua -
Greziako krisia
Papandreuk Gobernua moldatuko du
"Bide beretik, eginbeharraren bidetik, jarraituko dut talde parlamentario sozialistarekin eta Gobernuarekin batera", adierazi du Greziako lehen ministroak.
Erredakzioa
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministro sozialistak iragarri duenez, ostegun honetan Exekutiboa birmoldatuko du eta jarrraian Parlamentuari konfiantzazko botoa eskatuko dio, batasun nazionaleko Gobernua osatzeko elkarrziketek kale egin eta gero.
"Bihar, osteguna, Gobernu berria osatuko dut eta konfiantzazko boto bat eskatuko diot Parlamentuari", adierazi du Papandreuk Greziako telebistan igorritako mezuan.
"Bide beretik jarraituko dut. Eginbeharraren bidea, talde parlamentario sozialistarekin eta Gobernuarekin batera", esan du lehen ministroak. Herrialdea porrotetik salbatzeko herstura neurriak aplikatuko dituela azaldu du Papandreuk.
Dimisioa
Lehentxeago, Demokrazia Berria oposizio konsterbadorearekin batasun Gobernu nazionala osatzea ahalbidetzeko dimisioa aurkezteko prest agertu da Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroa.
Antonis Samaras buruzagi kontserbadorearekin telefonoz hitz egin du Greziako lehen ministroak, eta "adostasuna lortzen duen norbaitek ordezkatzeko" prest dagoela esan dio Papandreuk Samarasi, Exekutiboko buruzagiaren iturriek Atenasen jakinarazi dutenez.
Samarasen ahotan, Papandreu "ezin daiteke izan" Greziako batasun Gobernu baten lehen ministroa.
Papandreu 2009ko urrian heldu zen boterera eta orain arte hauteskundeak aurreratzeko aukera baztertu du.
Baldintzak
Greziak 110.000 milioi euroko kreditua jasotzeko duela urtebete Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) eta Europar Batasunarekin (EB) lortutako akordioa berriz negoziatzea eskatu du Demokrazia Berriak, batasun Gobernu bat babesteko baldintza bezala.
Herstura neurri gehiago onartu behar ditu Greziak orain, murrizketa sakonak eta zerga handiagoak martxan jarriz, 12.000 milioi euroko diru-laguntza jaso nahi baldin badu.