Mundua -
Pederastia
Frantziako mediku pederasta baten 250 biktima identifikatu dituzte
Dagoeneko 184k jarri dute Joël Le Scouarnec medikuaren aurkako salaketa. 2005ean, haur pornografiako irudiak edukitzeagatik zigortu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Fiskaltzak 184 pederastia salaketa jaso ditu Joël Le Scouarnec medikuaren aurka, eta Poliziak adin txikikoei egindako sexu-erasoen inguruko xehetasunak idatziz biltzeko erabiltzen zuen eguneroko bat aurkitu du haren etxean.
Hainbat hilabete iraun duen ikerketaren ostean, Frantziako Poliziak 250 biktima identifikatu ditu, eta horietatik 209 elkarrizketatu ditu. Ildo horretatik, adingabeak zirenean sexu-erasoak jasan zituzten biktima batzuek oraindik ere gertaera horien "oroitzapen zehatzak" dituzte.
Laurent Zuchowicz Arroxela hiriko fiskalak ohar batean azaldu duenez, 184 pederastia salaketa jaso dituzte jada Joël Le Scouarnec medikuaren aurka, eta biktima gehienek (181) diote adingabeak zirenean jasan zituztela sexu-erasoak.
Le Scouarnec martxoan epaituko dute, lau adingabe bortxatzea egotzita. Zehazki, 2017ko maiatzean atxilotu zuten, adingabe batek salaketa jarri ostean, eta leporatutako lau bortxaketa horien egilea zela onartu zuen.
Alabaina, ikertzen ari zirela, adin txikikoei egindako sexu-erasoen inguruko xehetasunak idatziz biltzeko erabiltzen zuen eguneroko bat topatu zuten ikertzaileek auzipetutako medikuaren etxean. Horrek ikerketa zabaltzea eragin zuen, eta 250 biktima identifikatu dituzte jada.
Mediku horrek neskekin eta mutilekin zituen topaketak bereizten zituen bere idatzietan. Hala, biktimen izenak ez ezik, haien beste ezaugarri batzuk ere jasotzen zituen kasu batzuetan. Horrez gain, adingabeak, panpinak eta ileordeak erakusten dituen eduki sexualeko irudiak ere aurkitu zituzten ikertzaileek haren etxean.
1991. eta 2017. urteen artean egin zituen ustezko delituak, Frantziako ekialdeko eta ipar-ekialdeko hainbat herritan mediku gisa aritu zenean.
2005ean, haur pornografiagatik zigortu zuten Le Scouarnec.