Mundua -
Austriara
Bikotekide bi hil zituen espainiarra estraditatuko du Italiak
Luca Beorchia atxilotuaren abokatuak gaur azaldu duenez, Triesteko epaitegi batek erabaki du emakumea estraditatzea. Ekainaren 10etik hiri horretako espetxean dago.
Erredakzioa
Estibaliz Carranza espainiarra Austriara estraditatzea erabaki du gaur Italiako Justiziak. Udinen (Italiako iparraldean) atxilotu zuten, Vienan izandako bi hilketarekin zerikusia izateagatik. Antza, bere bi bikotekide ohi hil eta haien gorpuak zatitu egin zituen.
Luca Beorchia atxilotuaren abokatuak gaur azaldu duenez, Triesteko epaitegi batek erabaki du emakumea estraditatzea. Ekainaren 10etik hiri horretako espetxean dago.
Ekainaren 6an, Vienako eraikin batean bi pertsonaren gorpuak zatituta aurkitu zituzten, eta orduz geroztik emakume hori atxilotzeko agindua zegoen. Hilketak egin zituela aitortu du Estibaliz Carranzak.
2008. urtean bere senar ohia hil egin zuen eta 2010ean, berriz, bere bikotea. Bi gizonen gorpuak zatitu eta Vienako soto batean ezkutatu zituen.
Ostatu eman dion pertsona batek ohartarazi zuen Italiako Polizia, Vienan izandako gertakari izugarriaren berri izan ostean eta bilatzen ari ziren emakumea ostegunean ikusi zuela ohartu eta berehala.
Vienako Fiskaltzak zabaldutako informazioaren arabera, 32 urteko emakumea espainiarra da, baina Italiako Poliziak zehaztu du bere pasaportean Mexikon jaiotakoa dela jartzen duela.
Duela bost urtetik, Vienan bizi zen, eta izozki-denda baten jabe zen. Asteartean, denda hori dagoen eraikinaren sotoan bi gorpu erabat zatituta eta zementu artean ezkutatuta topatu zituzten.
Horrez gain, bi eskopeta, pistola bat eta espainiarrez idatzitako oharrak zituen agenda bat atzeman ditu Poliziak soto horretan.