Mundua -

LABANAZ EGINDAKO ERASOA

Londresko erasoaren egilea iaz irten zen kartzelatik, terrorismoagatik zigorra beteta

Estatu Islamikoak ostiraleko erasoa bere gain hartu du. Erresuma Batuko agintariek iragarri dute terrorismoagatik zigortutako presoak aske uzteko baldintzak berrikusiko dituztela.

London Bridgen izan zen erasoa. Argazkia: EFE
London Bridgen izan zen erasoa.
London Bridgen izan zen erasoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brandon Lewis Britainia Handiko Barne ministroak iragarri duenez, terrorismoagatik zigortutako presoak aske uzteko baldintzak berrikusiko ditu Gobernuak, atzoko erasoaren ondotik. Izan ere, ostiral honetan atentatua egin zuen gizona iaz irten zen kartzelatik, terrorismoagatik zigorra bete ostean.

28 urteko Usman Khanek gutxienez bi lagun hil zituen eta beste bost zauritu labanaz egindako erasoan. Khan bera ere hil egin zen, Poliziak tirokatuta.

Ministroak BBC Irratian azaldu duenez "egoera horretan dagoen jendea baldintza batzuen pean dago eta Poliziak zer gertatu den ikertuko du".

The Guardian egunkariak zabaldu duenez, Londresko Burtsa, Big Ben ezaguna eta Westminsterreko Abadia bonbardatzeko konspiratu izana aitortu zuen 2010ean Khanek, beste zortzi gizonekin batera. Aitortu zutenez, Al Qaedak inspiratzen zituen eta balizko hainbat objektiboren izen eta helbideak atzeman zizkieten, tartean Boris Johnson egungo lehen ministro eta garai hartan Londreseko alkate zenarena.

Komunikabide honen arabera, zigortu zituen epaileak argi utzi zuen Khan zela taldeko burua, beste bi kiderekin batera, eta ez libre uzteko gomendioa eman zuen, herritarrentzat arriskutsuak ez zirela egiaztatu arte.

Jhonson, Corbyn eta Poliziaren adierazpenak

Boris Johnson lehen ministroak esan du terrorismoagatik zigortzen dituztenek oso-osorik bete beharko lituzketela zigorrak. "Uste dut oso larria dela euren zigorraren erdia ere bete ez duten pertsona arriskutsuak garaia baino lehen libre uztea", "garbi dago ez dela funtzionatzen ari, eta atzo gertatua horren adibide garbia da" gaineratu du.

Jeremy Corbyn oposizioko buruak ikerketa zehatza eskatu du atzoko "desastrea" nola gertatu ahal izan zen argitzeko. "Ikerketa sakona egin beharra dago, garbi dago desastre bat izan dela" adierazi die komunikabideei.

Usman Khanek, izan ere, jarraipen dispositibo elektroniko bat zeraman gainean iazko abenduan libre geratu zenetik, eta erasoa egin zuenean Cambridgeko Unibertsitateak presoen errehabilitazioari buruz antolatutako konferentzia batean parte hartzen ari zen.

Neil Basu Britainia Handiko Poliziaren Terrorismoaren kontrako buruzagiak azaldu duenez, Khanek aske geratu zenean jarri zitzaizkion baldintza guztiak errespetatzen zituen.

Estatu Islamikoak erasoa bere gain hartu du

Estatu Islamikoak ostiraleko erasoa bere gain hartu du. Amaq albiste-agentziak argitaratutako mezu batean atentatua bere gain hartu du talde jihadistak, baina inolako frogarik eman gabe.

Erakunde terroristaren aurkako nazioarteko koalizioan parte hartzen ari diren herrialdeen kontra erasoak egitea eskatu zuela gogorarazi du Estatu Islamikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Londres Terrorismoaren Biktimak