Mundua -

gailurra Londresen

Abian da NATOren buruzagien goi-bilera

Jens Stoltenberg idazkari nagusiak aliantzako kideen arteko desadostasunak gainditu eta "elkar defendatzearen zereginean batuta" egotea eskatu du.

Goi-bileraren hasierako unea. Argazkia: EFE
Goi-bileraren hasierako unea.
Goi-bileraren hasierako unea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOko buruzagien goi-bilera abiatu da gaur Watfordeko (Londres ipar-ekialdean) Grove hotelean. Azken urteetako desadostasunak gainditu eta batasuna indartzeko konpromisoarekin hasi da gailurra.

"Gure desadostasunak gorabehera, gure zeregin nagusiaren baitan batuta egon behar gara: elkar defendatzea, bat guztientzat, guztiak batentzat ", nabarmendu du Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak.

Buruzagi norvegiarraren esanetan, goi-bilera "NATOren lehen etxean" egingo dute. "Historiako aliantza arrakastatsuenaren arrakasta ospatu behar dugu aliatuok. Mundua aldatu den heinean aldatu gara gu ere", adierazi du.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak "NATOrekiko konpromisoaren sendotasun hertsia" goraipatu du aliantzaren 70 urtemugan.

"Gaur bakean bizi bagara, Aliantza honen bihotzean dagoen premisa uzten du agerian: Batuta jarraitzen badugu inork ezingo gaitu garaitu, eta inork ezingo du gerrarik hasi", erantsi du.

Ingurumaria horretan, ostiraleko Londresko atentatua aipatu du Johsonek: "Argi erakusten du zergatik egon behar garen batuta terrorismoaren kontra".

Aurreikuspen arabera, hiru ordu inguruko bilera izango da eta aliantzaren etorkizuna izango da hizpide nagusia.

Atzo izandako lehen ekitaldiek agerian utzi zuten Donald Trump AEBko presidentearen, Emmanuel Macron eta Recep Tayyip Erdogan Frantziako eta Turkiako presidenteen arteko tirabirak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Espainia Alemania Frantzia NATO Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Londres Boris Johnson