Mundua -
Txina
Ai Weiwei Txinako artista eta disidentea bermepean aske utzi dute
Dirudienez, Txinako disidenteak "jarrera ona izan du eta bere delituak aitortu ditu". Apirilaren 3an atxilotu zuten, baina horretarako agindurik izan gabe.
Erredakzioa
Ai Weiwei Txinako artista eta disidentea fidantzapean aske utzi dute gaur. Antza denez, Txinako disidenteak "jarrera ona izan du eta bere delituak aitortu ditu". Apirilaren 3an atxilotu zuten, baina horretarako agindurik izan gabe, udaltzaingoak eta artistaren senideek jakitera eman dutenez.
"Bere etxera itzuli da", adierazi du Gao Ge disidentearen arrebaordeak elkarrizketa telefonikoan. Hiru hilabetetan aurrenekoz senidearekin hitz egitea lortu du Gao Gek. Ai Weiwei Pekingo Caochangdi 258 barrutian dago.
Xinhua albiste-agentziak igorritako Poliziaren mezu laburraren arabera, estadio olinpiarraren diseinatzailea askatzeko beste arrazoi bat "sufritzen duen gaixotasun kronikoa" da. Ai Weiweik diabetea eta tentsio altua du.
53 urteko artistak "zerga guztiak itzuli beharko" dituela erantsi du Poliziak.
Atxiloketaren aurkako erreakzioak
Besteak beste, AEBetako, Europar Batasuneko, Frantziako, Alemaniako, Taiwaneko, Australiako eta Japoniako gobernuek diseinatzailearen atxiloketa gaitzetsi zuten, eta baita giza eskubideen aldeko elkarteek eta sektore artistikoak ere. Hamarkadetan Txinako erregimenak egin duen kanpaina errepresiborik gogorrenean atxilotu zuten Ai Weiwei.
Ai Weiwei delitu ekonomikoengatik ikertzen ari zirela ziurtatu zuen Pekingo Gobernuak, baina aske uztea eskatu duten senideek, Estatuek eta erakundeek atxiloketa politikoa izan zela salatu zuten. Izan ere, Ai Weiwei Txinako erregimenaren aurka agertu da eta giza eskubideak defendatu ditu.