Mundua -

Misioa Afganistanen

Afganistanen dauden 33.000 soldadu erretiratuko dituzte AEBek 2012an

Gainera, urtea amaitu aurretik 10.000 soldaduk utziko dute herrialde asiarra. Azken tropak 2014an kenduko dituzte. Egun 100.000 soldadu estatubatuar daude bertan.

Barack Obama AEBetako presidentea, gaurko agerraldian. Argazkia: Efe
Barack Obama AEBetako presidentea, gaurko agerraldian.
Barack Obama AEBetako presidentea, gaurko agerraldian. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak gaur iragarri duenez, "datorren hilean hasita eta urtea amaitu baino lehen, 10.000 soldadu erretiratuko ditugu Afganistandik. Datorren urteko udarako 33.000 soldadu estatubatuar itzuliko dira etxera".

Egun 100.000 soldadu estatubatuar daude Afganistanen eta horiek denak etxera itzultzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu bart Obamak Etxe Zuritik emandako hitzaldian.

"Gerra amaitzeko esfortzuaren hasiera da hau, ez amaiera", adierazi du presidenteak, 2009an Afganistango tropen erretiratzea 2011ko uztailean hasiko zuela hitz eman zuenak.

Iaz talibanen gorakada gelditzeko 33.000 soldadu bidali zituzten, Afganistan Al Kaidaren santutegi izan ez zedin, eta bertako tropak trebatzeko. Helburu horiek dagoeneko bete dituztela uste dute estatubatuarrek.

Gainerako soldaduak pixkanaka itzuliko dira eta azkenak 2014an, NATOk iaz Lisboan egindako goi-bileran hala erabakita.

Horren harira, datorren urteko maiatzean NATOren goi-bilera Chicagon izango dela jakinarazi du Obamak, eta orduan emango omen du trantsizioaren hurrengo pausoen berri.

Obamak azpimarratu du AEBen erretiratzea "indartsu" dagoen momentu batean iritsiko dela, talibanek hainbat indargune galdu baitituzte eta Osama Bin Laden Al Kaidaren buruzagia hil delako.

Gainera, Bin Ladenen etxean aurkitutako dokumentuetan argi ikusi omen dute Al Kaida "oso presio handipean" dagoela.

Frantzia

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bat egin du Obamarekin eta Afganistango tropak AEBen "pareko egutegian eta proportzioan" erretiratuko omen ditu, aliatuekin eta Afganistango agintariekin adostasunera iritsita beti ere.

Talibanen agiria

Afganistango talibanen erantzuna berehala iritsi da eta "irtenbidea soldadu atzerritar guztiek alde egiten dutenean" iritsiko dela aldarrikatu dute, eta ordura arte iraultzaileen borroka "egunez egun indartuko" dela mehatxu egin dute.

Errebelde afganiarrek igorritako agiri batean azaldu dutenez, Obamaren iragarpena "pauso sinboliko bat besterik ez" da eta ez du ezta estatubatuarren nahia asetzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea