Mundua -
NATOren epeak betetzeko
Espainia 2012an hasiko da Afganistanetik tropak erretiratzen
AEBetako presidenteak egindako iragarpenaren ondoren heldu da erabakia. Barack Obamak atzo adierazi zuen aurten 10.000 soldadu estatubatuar erretiratuko direla eta 2012ko irailerako 33.000.
Erredakzioa
Datorren urtean, 2012an, hasiko da Espainia tropak Afganistanetik erretiratzen. Defentsa ministerioko iturriek azaldu dutenez, "erretiratzea pixkanaka" egingo dute.
Carme Chacon Defentsa ministroak atzo adierazi zuenez, udan hasiko da Herateko base militarreko eskualdean dauden segurtasun indarren agintearen esku aldatzea.
Erabakia, hain justu, AEBetako presidenteak Afganistanetik tropak erretiratzen hasiko direla iragarri eta berehala etorri da. Barack Obamak atzo jakinarazi zuen 10.000 soldadu estatubatuar aterako direla aurten lurraldetik eta 2012ko irailerako guztira 33.000 erretiratuko direla.
Espainiak Heraten egingo duen agintearen&' || 'nbsp; transferentziak urte amaiera arte iraungo du, ondoren, 2012an, Badghisko base militarra esku aldatzeari ekingo dio, heziketa eta trebatze arloetan dihardute bertako soldaduek. Afganistaneko Polizia eta militarrak segurtasun arloan ardurak hartzen doazen neurrian egingo dute erretiratzea, pixkanaka, mailakatua izango da.
Agintearen esku aldatzea gehienez 2014ra arte luzatuko dela uste dute, hori da NATOk nazioarteko misioaren amaierarako jarritako epea.
Espainia 2002az geroztik dago Afganistanen, lurraldearen egonkortasunerako nazioarteko misioan.