Mundua -
Libiako diktadoreari setioa
Hagako Zigor Auzitegiak Gadafi eta bere semea atxilotzea agindu du
Fiskal orokorrak eskatuta, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Libiako diktadorea, Saif al Islam bere semea eta Inteligentzia arduraduna atxilotzea agindu du, "Gizateriaren kontrako krimenak" egiteagatik.
Erredakzioa
Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Instrukzioko 1. Gelak Muamar Gadafi Libiako buruaren, Saif al Islam bere semearen eta Abdula al Senussiren aurkako atxiloketa aginduak igorri ditu.
Joan den maiatzaren 16an hiru buruzagi libiarren kontrako atxiloketa agintzea eskatu zuen Luis Moreno-Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiaren fiskal nagusiak, zibilen kontrako "eraso sistematikoak eta Gizateriaren kontrako krimenak" egiteagatik.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Estatuko buruzagi bat atxilotzea agintzen duen bigarren aldia da. Lehenengo 2010eko abuztuan izan zen, Omar Asan al Bashir Sudaneko presidentea preso egitea agindu zuenean, Darfurreko zonaldean egindako krimenagatik.
Hagako Auzitegiak ez ditu berezko indar polizialik eta ekintza hauek egiteko Estatuen menpe dago. Libiako Gobernuak iragarri duenez, muzin egingo dio agindu honi. Libia ez da Nazioarteko Zigor Auzitegia arautzen duen Erromako Estatutuaren kide.
"Otsailaren 15tik 28ra, gutxienez, Estatuko tresnen eta segurtasun indarren bitartez ustez egindako hilketak eta jazarpenak" leporatu dizkiete Libiako hiru buruzagiei. Hori dela eta, Sanji Mmasenono Monageng epaileak zuzendutako gelak atxiloketa agindua igorri du.
Gelaren hiru epaileen aburuz, "zehaztutako delituak egin dituztela sinesteko frogak daude eta horien atxiloketak beharrezkoak dira Auzitegi honen ikerketak oztopatzen jarraituko ez dutela bermatzeko".
"Armarik gabeko zibilen aurkako erasoak"
Joan den maiatzaren 16an, "Muamar Gadafik berak agindutakoari buruzko frogak bildu" zituztela jakitera eman zuen Moreno-Ocampok. "Armarik gabeko zibilen aurkako erasoak agindu" zituela egiaztatuko lukete froga horiek .
Halaber, Saif al Islamen eta Al Senussiren parte hartzea frogatuko luketen beste hainbat froga bildu zituztela ohartarazi zuen tartean, Saif al Islamek "mertzenarioen erreklutamenduak" antolatu zituela eta Al Senussik "manifestarien kontrako erasoak egin" zituela. Fiskalak baieztatu zuenez, "bilerak prestatu eta operazioak zuzendu zuten frogak bildu ditu fiskalaren bulegoak".