Mundua -
Bolivia
Bolivian duten enbaxada 'setio egoeran' dagoela salatu du Mexikok
Gobernu mexikarrak La Pazen duen enbaxada inguruan dagoen presentzia poliziala salatu du komunikatu batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mexikoko Gobernuak asteazken honetan salatu zuenez, astelehenetik La Pazen (Bolivia) duten enbaxada setio egoeran dago. Evo Moralesen Gobernuko bederatzi kide daude babestuta bertan.
"Mexikoko Gobernuak, Boliviako Estatu Nazioanitzari bere nazioarteko betebeharrak kunplitzeko, misio diplomatikoen bortxaezintasuna errespetatzeko eta xaxatze eta beldurtze politikak uzteko exijitzen dio", esan dute komunikatuan.
Mexikoko agintarien hitzetan, Jeanine Añezen Gobernuak "polizia setioa" ezarri du "akreditatutako pertsonalaren eta Mexikoko Estatutaren babesean dauden pertsonen aurka".
"Subiranotasunaren baitan gertatzen den kanpo politikako ekintza bat da asilo politikoa, eta bat dator gure giza-eskubideen politikarekin. Edozein pertsonak arrazoi zein delitu politikoak direla eta asiloa eskatzeko eskubidea dauka", dio komunikatuak.
Horregatik, Mexikok, "eskubide hau bermatu nahi die bere La Pazeko etxeetan estatuaren babesean dauden bederatzi kideei".
Enbaxadan bertan, lau funtzionario daude, horien artean ministro izan ziren Juan Ramon Quintana eta Culturas Wilma Alonca.
Komunikatuan, autoritate mexikarrek Boliviako Kanpo Arazoetarako Ministerioari asilopean dauden pertsonei mugimendurako baimena emateko gestioekin jarraitzeko eskatu diote, kaltetuak herrialdetik irten daitezen.
Bide diplomatikoak irekita daudela eta Teresa Mercado enbaxadorea Karen Longaric kantziler boliviarrarekin kontaktuan dagoela ere gogoratu dute idatzian.
Azken orduotan, Latinoamerikarako eta Kariberako Mexikoko idazkariordea den Maximiliano Reyesek, twitterren, Mexikoko Enbaxada inguratzen duten polizia-autoen argazkiak igo ditu.
Mexikoren eta Boliviaren arteko tentsioak azaroaren 12an du jatorria, izan ere, mexikarrek Evo Moralesi asilo politikoa eman zioten. Gainera, azaroaren 11tik, enbaxadaren inguruan Boliviako inteligentzia zerbitzuetako eta Poliziako kideen presentzia nabarmen areagotu dela ere salatu zuten mexikarrek joan den astelehenean.
Asteartean, berriz, Boliviako Gobernuak Herrialde Latinoamerikar eta Karibetarren Komunitatean jarraitu edo ez aztertuko duela adierazi zuen. Mexikok urtarrilean hartuko du foroaren presidentzia eta horrek boliviarrek komunitatea uztea ekar dezake.