Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Elizetan armak sartzea baimentzen duten Texasko legeak goraipatu ditu Trumpek
Texasko White Settlement herriko eliza batean igandean izandako tiroketaren harira egin ditu adierazpen horiek AEBko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEBko) presidenteak doluminak eman dizkie igandean Texasen izandako tiroketa batean hil ziren bi herritarren senideei. Halaber, Texasko elizetan armekin sartzea baimentzen duten legeei esker, erasotzailearen aurka tiro egin zuten "heroiek" meza katoliko horretan zeuden 242 pertsonak salbatu ahal izan zituztela nabarmendu du AEBko presidenteak.
“Biktimen eta euren familien alde egingo dugu otoitz, baita astelehenean erasotako elizaren kongregazioaren alde ere”, esan du Trumpek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
AEBko presidenteak nabarmendu duenez, erasoa “sei segundoan” amaitu zen, “eliza katolikoan otoitz egiten ari ziren 242 lagunak babesteko asmoz erasotzaileari aurre egin zioten eliztar ausartei esker”.
“Heroi horiek, eta, aldean armak eramatea ahalbidetu zieten Texasko legeek, ehunka bizi salbatu zituzten”, gaineratu du Trumpek.
Keith Thomas Kinnunen (43 urte) izenarekin identifikatutako gizon batek otoitz egiten ari ziren herritarren aurka tiro egin zuen igandean, Texasko White Settlement herriko kristau eliza batean, baina bertako segurtasun buruak aurre egin zion erasotzaileari, aldean zeraman pistolarekin tiro eginez.
Eliztarretako bat West Freeway Church of Christ elizan hil zen, tiroen ondorioz. Komunitate erlijioso horretako beste kide bat, berriz, ospitalerako bidean hil zen, erasotzailea bezala.
Zehazki, irailaren 1ean sartu zen indarrean elizetara armekin sartzeko aukera ematen duen legea, Greg Abbott Texasko gobernadoreak sinatutakoa.
Araua, komunitate erlijiosoei armak eramatea debekatzeko ahalmena ematen diena, 2017an Sutherland Springseko eliza baptista batean pertsona batek tiro egin ostean onartu zen. Orduan, gutxienez 26 pertsona hil eta beste 20 zauritu ziren.
New Yorken gizon bat atxilotu ostean gertatu zen White Settlement herriko tiroketa, larunbatean Janucaren ospakizunean bost pertsona matxete batekin zauritu ostean, errabino baten egoitzan, tokiko agintariek "barne-terrorismo" gisa deskribatu dutenez.