Mundua -
KRISIA EKIALDE HURBILEAN
Bagdadeko Eremu Berdearen kontra erori dira suziri batzuk
Hainbat suzirik talka egin dute larunbat honetan Bagdadeko Eremu Berdean, atzerriko enbaxada nagusien eta Irakeko Gobernuaren ministerioen egoitza den hiriaren zati gotortuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat suzirik talka egin dute larunbat honetan Bagdadeko Eremu Berdean, atzerriko enbaxada nagusien eta Irakeko Gobernuaren ministerioen egoitza den hiriaren zati gotortuan.
Hiriburuaren iparraldean dagoen base militar bati ere eraso diote.
"Hainbat suzirik eztanda egin dute larunbat honetan Bagdadeko erdigunean, Al Yadiriya egoitza gunean eta Baladeko base militarrean, hiriburuaren iparraldean. Oraingoz ez dago biktimarik ", adierazi dute Irakeko segurtasun indarrek Sputnik Errusiako albiste agentziak aipatutako agiri batean. Sahi Abd al Amri Baladeko baseko komandanteak, ordea, zauritutako hiru militarren berri eman du. Al Amrik azaldu duenez, hiru mortero jaurtigai erori dira lehen gunean, aerodromoko pistan, eta bi babes hesitik kanpo.
Irakeko segurtasun indarretako iturri batek azaldu duenez, "Suziri batek eztanda egin du Eremu Berdearen erdian". Irakeko hedabideen arabera, baliteke suziria AEBk Irakeko hiriburuan duen enbaxadatik gertu erori izana.
Gertakizun hauek Qasem Soleimaini jeneral irandarraren hilketak eragindako tentsioa pil-pilean dagoela gertatu dira. Bagdadetik gertu, dron estatubatuar baten bonbardaketak hil zuen Soleimani.