Mundua -
Sua Australian
Suteen kudeaketan hanka-sartzeak onartu ditu Australiako lehen ministroak
Herri kaltetuak behar bezala artatu ez dituelako eta krisi klimatikoari emandako erantzunagatik kritika oso gogorrak jaso ditu Scott Morrisonek.
Agentzia | Erredakzioa
Suteei aurre egiteko orduan gauza batzuk "askoz hobeto kudeatu zitezkeen", Scott Morrison Australiako lehen ministroak berak igande honetan onartu duenez. Gutxienez 27 pertsona hil dira suteen ondorioz orain arte.
Herri kaltetuak behar bezala artatu ez dituelako eta krisi klimatikoari emandako erantzunagatik kritika oso gogorrak jaso ditu Morrisonek.
"Oso ingurune sentiberak dira, oso hunkigarriak. Lehen ministroak hezur-haragizkoak dira jendearekin harremana izateko moduan ere", esan du Morrisonek ABC telebistan.
Orain krisia ikertzeko "benetako batzorde bat" sortzea proposatu nahi dio Gobernuari, buruzagien erantzuna eta kaltedunei emandako babesa aztertzeko.
Klima-aldaketaren aurkako borrokan anbizio handiagoa eskatu duten protestei dagokienez, Parisko Akordioaren "helburuak betetzeko politikak garatzen jarraituko dugu", esan du Morrisonek.
"Isuriak murriztu nahi ditugu, eta ahalik eta ondoen egin, gero eta hobeagoak izateko", erantsi du, baina "Australiaren interes ekonomikoak eta sozialak aintzat hartzen dituen politika orekatua" defendatu du.
Eguberriak baino lehen, Morrison familiarekin oporretan joan zen Hawaiira, herrialdea kiskaltzen ari zen arren. Hori dela eta, gogor kritikatu zuten, nahiz eta azkenean oporraldia murriztu eta Australiara itzuli zen. "Orain dakidana jakinda ez nuke bidaia hori egingo", aitortu du.