Mundua -
Iruzkina
Chavez oso bizkorra da
Venezuelako presidentea une egokienean itzuli da etxera eta iritzi publikoa desinformatzeko bere Gobernuak martxan jarritako kanpainak primeran funtzionatu duela agerian utzi du.
Jesus Torquemada
Hugo Chavez Venezuelara itzuli da, harrera beroa egin diote eta oso bizkorra dela erakutsi du berriz ere. Bere gaixotasunari errentagarritasun politiko handia atera dio. Asko ziren ondorengotza aipatzen zutenak eta oposizioa pozik zegoen baina presidentea Habanatik itzuli da eta bere boterea indartu du.
Venezuelako gobernuak martxan jarritako desinformazio-kanpainak ezin hobeto funtzionatu du. Elias Jaua, presidenteordeak, Chavezen itzulera lasaitasunez hartzeko adierazten zuen bitartean, Habanan hegazkina hartzen zegoen presidentea. Haren bizitza arriskuan zela zirudien duela egun batzuk eta orain gazte itxuraz agertu da.
Hitzez hitz hartu ditu Fidel Castrok emandako gomendioak. Duela bost urte, gaixotu zenean, Chavezek erabilitako estrategia bera erabili zuen lider kubatarrak ere: ez zuen informazioaren filtrazioarik onartu eta zurrumurruak bolo-bolo zebiltzanean agertu zen, une egokian.
Chavezentzat orain da une egokia. Gaur ospatzen da Venezuelak independentzia lortu zuenetik bi mende pasa direla eta modu horretan, Chavez, Bolivar berri baten gisara aurkeztu da berriz ere.