Mundua -

'Mendeko akordioa'

Hauek dira Israel eta Palestinarako Trumpek egindako proposamenaren puntu nagusiak

'Mendeko akordioa' deitzen diote planari, eta astearte honetan aurkeztu dute Trumpek eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk; Palestinak gaitzetsi egin du.

Trump eta Netanyahu, 'mendeko akordioa' aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.
Trump eta Netanyahu, 'mendeko akordioa' aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.
Trump eta Netanyahu, 'mendeko akordioa' aurkeztu aurretik. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Israel eta Palestinaren arteko gatazkari amaiera emateko bere proposamenaren puntuak azaldu ditu astearte honetan; planari 'mendeko akordioa' deitu diote, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu ere izan da aurkezpenean, baina Palestinak gaitzetsi egin du.

Hemen dira Trumpen proposamenaren arlo nagusiak, bi aldeen arteko gatazkaren puntu nabarmenei dagokienez; puntuak dira Jerusalem, Palestinako Estatua, mugak, kokalekuak, errefuxiatuak eta segurtasuna.

Jerusalem

Planaren proposamena da Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezina" izatea; Palestinako Estatuaren hiriburuak, ordea, egungo segurtasun-hesiaren ekialdeko eta iparraldeko lurraldeetan dagoen Ekialdeko Jerusalemeko sekzioan egon behar du. Hesi horrek ez dio udal-mugari jarraitzen, eta Ekialdeko Jerusalemeko hainbat auzo hiriko gainerako auzoetatik bereizten ditu.

Lurralde horien artean, Kafr Aqab dago aipatuta; Shuafateko eta Abu Diseko ekialdeko lurraldea da hori: "Al Quds izena izan lezake, hau da, Jerusalemek arabieran duen izena, edo Palestinak zehazten duen beste edozein izen".

Halaber, ondorengoa islatzen du: "1949ko armistizioko lerroen artean eta segurtasun hesiaren barnean dauden Israelgo hiriburu Jerusalemeko bizilagun arabiarrek aukeratu ahal izango dute: Israelgo hiritarrak izatea, Palestinako hiritarrak izatea, edo Israelgo bizilagun iraunkorraren estatusari eustea".

'Mendeko akordioak', horrez gain, zehazten du Jerusalem Israelgo hiriburutzat aintzatetsi behar dutela nazioarte-mailan, bai eta Al Quds ere, Palestinako hiriburutzat azken hori. Washingtonek enbaxada irekiko luke palestinar hiriburuan.

Mugak

Mugak zehaztuz, herritarren nahitaezko lekualdatzea saihestuko lukete; halaber, mugak zehazteak erantzuna emango lieke "Israelen segurtasun-beharrei", eta palestinarrei bermatuko lieke "lurralde-hedapena", Negeveko basamortuko lurraldeetan. Lurralde horiek zenbatuta, Palestina 1967ra arte kontrolpean zuena bezalako lurraldearen jabe izango litzateke.

Zisjordaniako kokalekuetan dauden israeldarren ia % 97 israeldar ondoko lurraldeetan geratuko lirateke; kopuru hori bera errepikatuko litzateke Palestinako lurraldean geratuko liratekeen Zisjordaniako palestinarrei dagokienez.

Israelen barnean dauden palestinar Estatuko enklabeetako Palestinako herritarrek geratzeko aukera izango lukete, kontrakoa erabakiko ez balute. Enklabeak eta sarbide-bideak Israelgo agintarien esku egongo lirateke.

Palestinaren barnean dauden Israelgo Estatuko enklabeetako israeldar herritarrek ere aukera izango lukete bertan geratzeko, kontrakoa erabaki ezean, eta herritartasunari eutsiko lieke. Enklabeak eta sarbide-bideak, kasu honetan ere, Israelgo agintarien esku egongo lirateke.

Horrez gain, Jordanen ibarraren subiranotasuna bere gain hartuko luke Israelek; azken herrialde horrek konpromisoa hartuko luke negoziatzeko, Palestinako Gobernuarekin, akordio bat, palestinar herritarren nekazaritza-enpresek Israelgo lizentziekin lanean jarraitu ahal izan dezaten.

Muga-bidegurutzeen sistemaren arabera, Israelek eskumena du kontrolatzeko Palestinako Estatura igarotzen diren pertsona eta ondare guztiak; Israelek erabaki ahal izango du Palestinan sartzeko baimenik ematen duen ala ez.

Nazioarteko bidegurutzeen segurtasuna Israelen esku egongo litzateke; Rafaren kasuan, alegia, Egiptoko mugan, akordio espezifikoak landuko lirateke Kairorekin.

Halaber, Israelek Jordan ibaiaren mendebaldeko aire-eremuaren eta espektro elektromagnetikoaren kontrolari eutsiko lioke; Israelgo Armadak ahalmena izango luke, horrez gain, "Palestinako Estatuan materialak egiteko arma eta materialak ematea" blokeatzeko. Israelek, hala, lurralde-uretako subiranotasunarekin jarraituko luke.

Kokalekuak

Zisjordaniako kokalekuak Israelgo Estatuaren esku geratuko lirateke; Israelek konpromisoa hartuko luke kokaleku berririk ez egiteko, egun daudenak ez hedatzeko, eta palestinarrak diren guneetan eraikitze-planik ez onartzeko.

Israelek ez du eraitsiko egungo azpiegiturarik; hori bai, eskumen hori izango du "legez kontrako eraikuntzetan", "Israelgo Estatuaren iritziz segurtasunerako arriskutsuak diren eraikuntzetan", eta terrorismoagatik egindako eraispenetan.

Errefuxiatuak

Akordioak nabarmentzen du eskualdeko herrialdeek "ardura morala" dutela palestinar errefuxiatuak euren gain hartzeko; ezeztatzen du, alabaina, Israelek errefuxiatuei baimendu behar izatea kanporatuta izan ziren lurraldeetara buelta daitezela.

Ildo horretan, adierazita dago errefuxiatuen itzulera-eskubidea "inoiz ez dela errealista" izan, eta gehitzen du "herrialde arabiar eta musulman batzuetatik ihes egin zuten errefuxiatu juduak" Israelen kokatu zirela: "Israelek ordainak merezi ditu herrialde horietako errefuxiatu juduak bere gain hartzeko kostuengatik", argudiatzen du planak.

Palestinar errefuxiatuek honako aukerak izango dituzte: Palestinako Estatura lekualdatzea, baldintzekin; harrera-herrialdeetan gizarteratzea, herrialde horien iritzia kontuan izanik; edo plan jakin bat hautatzea. Plan horren arabera, Kooperazio Islamikoaren Erakundearen hainbat herrialdek hartuko lituzke euren gain urtero 5.000 errefuxiatu; planak hamar urteko iraupena izango luke. Palestinara bueltatzeko, bi aldeen arteko segurtasun-akordio batzuek baldintzak jarriko lituzkete, eta hainbat alderdi hartuko beharko lirateke kontuan, ekonomia kasu.

Bake-akordioa sinatuta, palestinar errefuxiatuaren estatusa desagertuko litzateke, eta Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatuen Nazio Batuen mandatuari amaiera emango litzaioke. Mandatuaren eskumenak Gobernuek hartuko lituzkete euren gain.

Segurtasuna

Akordioak nabarmentzen duenez, aldeek aukera izan beharko dute "segurtasuneko erronkei" heltzeko; Israelen, Palestinaren, Jordaniaren eta Egiptoren artean, "koordinazio estua" izan beharko litzateke, eta Palestinak guztiz desmilitarizatuta egon beharko du.

Hala, planaren arabera, "herrialde guztiek erabiltzen dute diru-kopuru handia kanpoko mehatxuei aurre egiteko; Palestinak, ordea, ez luke zama hori izango, Israelek bere gain hartuko luke eta".

Halaber, "Palestinaren segurtasunari dagokionez", handia izango litzateke Israelen ardura. Palestinar indarrek ondorengoa soilik hartuko lukete euren gain: terrorismoaren aurkako borroka, muga-segurtasuna, eta hondamendien aurreko erantzuna. Baldintzak, kasu guztietan, izango lirateke desmilitarizatuta egotea eta Israelek izatea "segurtasun-erantzukizuna".

Proposamenak zehazten du Israelek alerta-estazio bat gutxienez izango lukeela Palestinan, eta hori israeldar segurtasun-indarrek kudeatuko luketela. Israelgo agintariek etengabeko sarbidea izango lukete, eta Israelek droneak eta ekipamendu gehiago erabili ahal izango lituzke, "segurtasuna bermatzeko".

Palestinak ezin izango du itxi akordio militarrik, inteligentzia-akordiorik edo segurtasuneko hitzarmenik "Israelgo segurtasunaren kontrako edozein Estaturekin edo erakunderekin"; horrez gain, Palestinak ezin izango du garatu "gaitasun militarrik edo paramilitarrik bere lurraldean edo bere lurraldetik kanpo.

Palestinak, nazioarteko erakundeekin bat egiteko, Israelen baimena beharko luke, eta Israelen, Ameriketako Estatu Batuen eta bi herrialde horietako herritarren aurkako demandak kendu beharko lituzke, Auzitegi guztietan. Halaber, ez du aukerarik izango Interpolen babesa eskatzeko, haien kontra.

Hala, palestinarrek ezingo dute ahalmenik izan "Israelgo Estatuari mehatxua egiteko"; Israelek, aldiz, eskubidea izango litzateke "armak egiteko edo bere kontrako helburuekin" prestatutako instalazioak desegin edo suntsitzeko. Palestina desmilitarizatuta egoteko segurtasun-neurriak ere hartu ahal izango lituzke.

Hamas

Akordioan zehaztuta dago AEBk ez duela aurreikusten Israelek Palestinako Gobernuarekin negoziatzea baldin eta Gobernuan Hamasek, Jihad Islamiarrak edo horiekin bat egiten duen talderen batek ordezkaritza badu, “ez badute argi onartzen indarkeriaren aurka daudela eta Israelgo Estatua aintzatesten dutela”.

Halaber, Israelek bake-akordioari babesa emateko, baldintza hauek egiaztatu beharko lirateke: Palestinar Aginteak edo Israelek aintzatetsitako beste erakunde batek erabateko kontrola izatea Gazan, miliziak desarmatuta egotea, eta Gazako Zerrenda desmilitarizatuta egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gazako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Trump gaur Israel Palestina azken orduko albisteak Hiri Santua azken ordukoa Benjamin Netanyahu Ekialde Hurbila gaur