Mundua -
Ekialde Hurbila
Arabiar Ligaren hitzetan, Trumpen egitasmoak "ez ditu palestinarren nahiak betetzen"
Plana palestinarren eta israeldarren arteko "bake prozesuaren erreferentzien aurkakoa da", orain arte "nazioarteko legedian eta NBEren ebazpen garrantzitsuetan" oinarritzen baitziren.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Administrazioak aste honetan aurkeztutako bake egitasmoa arbuiatu du gaur Arabiar Ligak, palestinarren nahiak eta orain arte bake prozesuaren oinarriak izan direnak kontuan hartzen ez dituelako.
Atzerri ministroak Kairoko egoitzan bildu dira. "Mendeko akordioak ez ditu Palestinako herriaren nahiak eta gutxieneko eskubideak errespetatzen", azaldu du Arabiar Ligak agiri batean.
Era berean, plana palestinarren eta israeldarren arteko "bake prozesuaren erreferentzien aurkakoa da", orain arte "nazioarteko legedian eta NBEren ebazpen garrantzitsuetan" oinarritzen baitziren.
Horregatik, "bidezko bake prozesu etengabe eta integral baten erreferentziekin konpromisoa hartzea", eskatu dio Arabiar Ligak AEBetako Administrazioari.
Ligak erreferentzia aipagarrienetariko bat gogorarazi du: 1967ko mugek Palestinako Estatu independentearen hiriburua Ekialdeko Jerusalem dela aitortzen dute, baina Donald Trump AEBetako presidentearen egitasmo berriak ez ditu kontua hartzen.
Jordan harana Israelen parte izatea aurreikusten du egitasmoak, Zisjordaniako lurraldearen % 30, alegia, eta Jerusalem Israelen hiriburutzat jotzen du.
Palestinako hiriburua Jerusalemen auzo pobreetan kokatuko litzateke, Israelgo harresiaren "ekialdean eta iparraldean": Kafr Aqab, Shuafateko ekialdea eta Abu Dis.
Palestinarrentzat puntu lagaezina da. "Jerusalem salduko" duen presidentea izango ez dela adierazi du Mahmud Abas Palestinako presidenteak.
Ahmed Abul Gheit Liga Arabiarreko idazkari nagusiak adierazi duenez, Donald Trump presidente estatubatuarraren bake-planak "palestinarren eskubideen urraketa ugari" dakartza.
Hala, AEBk landutako 'bide orriak' planteatzen dituen konpromiso ugari "onartezinak" direla adierazi du. Haren hitzetan, "ezin da bake justu eta iraunkor bat lortu 1967tik Israelen okupazioa legitimatzen bada".
"Mendeko akordioak" Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezina" dela dio, kolonia juduen eta Jordaneko haranaren kontrola mantenduko lukeena; Palestinak, berriz, hiriburua Jerusalemgo eremu batean izango luke. Israelek jarritako segurtasun hesitik kanpo kokatua.
Trumpek, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera Etxe Zurian egindako agerraldian, bi estaturen elkarbizitza baketsua bermatzeko irtenbide "errealista" dela defendatu du.
Era berean, "aukera" hori onartzeko eskatu die palestinarrei, "azkena izan litekeelako". Erantzun gisa, Abbasek "mendeko zaplazteko" gisa deskribatu du proposamena, eta "historiaren zabortegian" amaitzeko asmoa duela nabarmendu du.
Bestalde, Netanyahuk azpimarratu du proposamena hori dela palestinarrek lortu ahal izango duten "akordiorik onena", eta onartzeko eskatu die.