Mundua -
Polemika News of the Wolrd-en
Rebekah Brooks News Corp-en mendekoaren zuzendariak dimisioa eman du
Konpainia jasaten ari den krisiaren konponbidea errazteko eman duela dimisioa esan du Brooksek. Aurreko astean ere dimisioa aurkezteko asmoa izan zuen, baina ez zioten onartu.
Erredakzioa
Rebekah Brooks News Internationalen kontseilari delegatuak dimisioa eman du News of the World egunkariak elkarrizketa pribatuak entzuten zituela, bera zuzendari izan zen garaian, jakin ostean sortutako iskanbila dela eta.
Brooksen dimisioa News International-ek iragarri du, Rupert Murdoch enpresaburuaren taldeak. Talde horren parte da News of the World.
43 urteko zuzendaritza-kideari Tom Mockridge Sky Italiako kontseilari delegatuak hartuko dio lekukoa, enpresaren arabera.
Enpresako langileei barne e-posta baten bidez jakinarazi die badoala, eta esan die konpainia jasaten ari den krisiaren konponbidea errazteko eman duela dimisioa.
Karguan "mantentzeko nuen nahia elkarrizketaren muinean kokatu da. Horrek iraganeko gure arazoak konpontzeko egiten ari garen ahaleginen kaltetan egin du", mezuaren arabera.
"Hori dela eta, dimisioa aurkeztu diet Rupert eta James Murdoch-i. Oraingoan onartu dute nire erabakia" esan du kazetariak. Brooksek aurreko astean ere dimisioa aurkezteko asmoa zuen, baina ez zioten onartu.
Mezuan, Brooksek eskandaluak arazorik eragin dien pertsonenganako "erantzukizuna" adierazi du, eta News of the World-en gertatutakoagatik barkamena eskatu du berriz ere.