Itxi

Mundua

Koronabirusa

Dagoeneko 1.770 pertsona hil dira Txinan koronabirusaren eraginez

Agentziak | Erredakzioa

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) ohartarazi duenez, aurten munduko ekonomiaren hazkundea % 0,1 eta % 0,2 artean jaits daiteke koronabirusaren agerraldiaren ondorioz.

  • Osasun-langile bat, Txinako ospitale batean.

    Osasun-langile bat, Txinako ospitale batean. Artxiboko argazkia: EFE

Txinako Osasun Batzordeak astelehen honetan jakitera eman duenez, dagoeneko 1.770 pertsona hil dira herrialdean COVID-19 izenaz ezagutzen den koronabirus berriaren agerraldiaren eraginez. Halaber, 70.548 kutsatu zenbatu dituzte guztira.

Datu horien arabera, 105 heriotza izan dira igandetik astelehenera bitartean, horietako 100 Hubei probintzian. Koronabirusa Wuhan hirian atzeman zuten lehen aldiz, eta urtarrilaren 23tik berrogeialdian dago.

Orain arte zenbatu dituzten heriotza gehienak Txinan jazo dira, eta soilik bost izan dira Asiako herrialde horretatik kanpo: Taiwanen, Japonian, Frantzian, Filipinetan eta Hong Kongen. Halaber, nazioarteko 30 bat herrialdetan "Wuhango pneumonia" kasuak atzeman dituzten arren, Txinan bizi dira kutsatu gehienak (% 99).

Koronabirus berriaren sintomak hotzeria baten sintomen antzekoak dira kasu askotan, baina gaixo batzuek sukarra, nekea, eztula edota arnasa hartzeko zailtasuna ere izan ditzakete.

Munduko ekonomiaren hazkundea % 0,1 edo % 0,2 jaits liteke

Bestalde, Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendariak adierazi duenez, aurten munduko ekonomiaren hazkundea % 3,3koa izatea aurreikusi badute ere, baliteke aurreikuspen hori % 0,1 eta % 0,2 artean jaistea koronabirusaren agerraldiaren ondorioz, horren eragina ezagutzeko oraindik goiz izan arren.

"Gure aurreikuspena % 3,3koa da, baina agian % 0,1 edo 0,2ko beherakada egon liteke", esan du Georgievak, Dubain, Emakumeen Foro Globalean, egindako agerraldian.

NDFko zuzendariak ziurtatu duenez, Wuhango koronabirusa (COVID-19) garaituz gero, munduko ekonomiaren hazkundean bat-bateko beherakada orokorra egon arren, "susperraldi azkarra" egon daiteke.

Dena dela, koronabirusaren eragin zehatza zein izango den jakiteko oraindik goiz dela gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena