Mundua -

Atentatu bikoitza Norvegian

Anders Breivikek Epaitegia utzi du, ordu erdiz deklaratu ostean

Norvegiako atentatuen ustezko egilea kristal beltzak zituen ibilgailu polizian batean heldu da Epaitegira. Gehienez jota, 21 urteko espetxe-zigorra jasoko luke Breivikek.

Anders Breivik Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egilea. Argazkia: EITB
Anders Breivik Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egilea. Argazkia: EITB
Breivik, Norvegiako sarraskiaren ustezko egilea, epailearen aurrean

05:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andre Breivik Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egilea kristal beltzak zituen ibilgailu polizian batean heldu da Epaitegira. Epaitegiko atzekaldetik sartu dute. Bitartean, Geir Lippestad bere abokatua sarrera nagusitik sartu da.

Epaitegien kanpoan zeuden hainbat herritarrek Breiviken abokatua iraindu dute, "nola defenda dezakezu hiltzaile hori" edo "esaiozu zure bezeroari infernuan erretzeko", bezalako oihuekin.

Saioa segurtasun neurri zorrotzen artean egin da eta poliziak inguru guztia zakurrekin miatu du lehergaliuak ote zeuden ondo begiratzeko. Breivikek epailearen aurrean bere burua "ez erruduntzat" jo duela uste da, nahiz eta poliziaren aurrean aitortu duen atentatuak berak bakarrik egin zituela.

Breivikek, 32 urtekoa, atentatuen egiletza aitortu du Poliziaren aurrean baina erantzukizun kriminalaren akusazioa ukatu du. Gainera, bere ekintzei buruzko azalpenak eskaintzeko oholtza publiko bat nahi du.

Geir Lippestad Breiviken abokatuak azaldu duenez, atentatuen ustezko egilea "bizitza politikoan parte hartu ohi zuen eta politikako ohiko tresnen bitartez, aurrerapausoak lortzen ez zituenez, indarkeria erabiltzea erabaki zuen".

"Bere izaerari buruzko medikuen txosten baten zain nago", adierazi du Lippestadek. "Argitasunez eta lasaitasunez azaltzen da eta emozioak ere adierazten ditu", gaineratu du abokatuak. Breivikek nabarmendu duenez, "sarraskia krudela baina beharrezkoa izan da". Gainera, egindakoagatik zigorrik jasotzea merezi ez duela uste du.

Hasierako informazioek diotenez, gaurko saioa komunikabiderik gabe egitea eskatuko luke Poliziak baina azken erabakia epailearen esku egongo da. Norvegiako Poliziak zehaztu duenez, ordura arte ez dago susmagarri gehiagorik.

Lehen ministro ohia hil nahi zuen

Halaber, "Aftenposten" Norvegiako egunkariak kaleratu duenez, Breiviken helburua Gro Harlem Brundtland lehen ministro ohia erahiltzea zen. Brundtlandek hitzaldi bat eskaini zuen Utoyako uhartean erasoaren egun berean baina irla utzi zuen Breivik heldu baino lehen.

Brundtlandek hiru agintaldi bete zituen 80ko eta 90eko hamarkadetan eta "Aberriaren ama" izengoitiarekin ezaguna da. Egunkariak dioenez, Breivikek "Gro kolpatzea" nahi zuen.

Sarraskirik handiena eragin nahi zuen

"VG" Norvegiako egunkari digitalak jakitera eman duenez, Breivikek biktima kopururik handiena sortu nahi zuen. Izan ere, bala hedakorrak erabili zituen. Gerran munizio mota hau erabiltzea debekatuta dago, gorputzaren barnean zauri handiak eragiten dituelako.

"Bala horiek biktimen gorputzen barnean eztanda egin zuten. Hauen zauriak izugarriak ziren", azaldu du Colin Poole Ringerike Ospitaleko zirujau nagusiak. Utoyako uhartean izan ziren 16 zauritu artatu ditu Poolek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea