Mundua -

Atentatu bikoitza Norvegian

Erasoak beste 'bi talderekin' egin zituela aitortu du Anders Breivikek

Epaileak, beraz, "bi zelula" horiek ikertzeko agindua eman du eta espetxera bidali du Breivik, atentatuak onartu eta "Europa Islametik salbatzeko" beharragatik egin zituela esan ostean.

Anders Breivik Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egilea. Argazkia: EITB
Anders Breivik Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egilea. Argazkia: EITB
'Bi zelulen' laguntza izan zuela deklaratu du Breivik

01:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anders Breivikek, Osloko atentatuaren eta Utoya uharteko sarraskiaren ustezko egileak, epailearen aurrean esan duenez, "beste bi zelula" zeuden bere erakundean. Orain, beraz, eipaileak zelula horiek ikertzeko agindua eman du.

Era berean, bi atentatuak bere gain hartu ditu Breivikek eta "Europa Islametik salbatzeko" egin zituela esan dio epaileari.

Ordu erdian eta ateak itxita deklarazioa hartu ostean epaileak zortzi astez aislamenduak kartzelatzeko agindua eman du; modu horretan, ez du albisterik irakurtzerik izango, ezta bisitak jasotzerik ere.

Epaileari gaineratu dio, bere helburua "herriari seinale gogor bat" bidaltzea zela eta horrela gobernuan dagoen Alderdi Laboristako kideak "etorkizunean biltzea" eragozteko. Gobernuko alderdiari, gainera, herrialdeari "traizioa" egitea eta "musulmanak modu masimoan inportatzea" egotzi dio.

Sozialdemokrazia "zigortu" nahi zuen

Breivikek adierazi duenez, bere helburua "sozialdemokrazia zigortzea" zen musulmanak "inportatzeagatik". Atxilotuak epailearen aurrean ziurtatu duenez, atentatu hauek egin behar zituen Norvegia eta mendebaldeko Europa musulmanetatik eta marxismo kulturaletik salbatzeko.

Lehen ministro ohia hil nahi zuen

Halaber, "Aftenposten" Norvegiako egunkariak kaleratu duenez, Breiviken helburua Gro Harlem Brundtland lehen ministro ohia erahiltzea zen. Brundtlandek hitzaldi bat eskaini zuen Utoyako uhartean erasoaren egun berean baina irla utzi zuen Breivik heldu baino lehen.

Brundtlandek hiru agintaldi bete zituen 80ko eta 90eko hamarkadetan eta "Aberriaren ama" izengoitiarekin ezaguna da. Egunkariak dioenez, Breivikek "Gro kolpatzea" nahi zuen.

Sarraskirik handiena eragin nahi zuen

"VG" Norvegiako egunkari digitalak jakitera eman duenez, Breivikek biktima kopururik handiena sortu nahi zuen. Izan ere, bala hedakorrak erabili zituen. Gerran munizio mota hau erabiltzea debekatuta dago, gorputzaren barnean zauri handiak eragiten dituelako.

"Bala horiek biktimen gorputzen barnean eztanda egin zuten. Hauen zauriak izugarriak ziren", azaldu du Colin Poole Ringerike Ospitaleko zirujau nagusiak. Utoyako uhartean izan ziren 16 zauritu artatu ditu Poolek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea