Mundua -

Atentatu bikoitza Norvegian

Breivikek 'buruko gaitz bat' duela esan du haren abokatuak

Norvegiako atentatu bikoitzan hildako lau biktimen aurreneko datuen eta izenen zerrenda argitaratu du Poliziak arratsaldean. Egunero argitaratuko dituzte biktimen inguruko datu berriak.

Geir Lippestad abokatua. Argazkia: EFE
Geir Lippestad abokatua
Breivikek 'buruko gaitz bat' duela esan du haren abokatuak

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norvegiako bi sarraskien ustezko egilearen abokatuak esan du oraindik "goizegi" dela bere bezeroak, Anders Behring Breivik eskuin muturreko islamofoboak, arazo psikologikoak dituela argudiatuko duen jakiteko, baina auzia aztertuta, "buruko gaitz" bat duela argi dagoela nabarmendu du. Breivik "eroturik" dagoela erantsi du abokatuak.

Edonola ere, Geir Lippestad abokatuak ohartarazi du auzia utziko duela Breivikek ez badu onartzen proba psikologikoa egitea.

"Mendebaldeko demokrazien balioak eta ideiak gorroto egiten ditu, eta 60 urte iraungo duen gerra baten hasieran gaudela uste du. [...] Guda hasi duen soldadua dela uste du, eta harro dago horregatik", gaineratu du.

Abokatuaren esanetan, Breivikek "drogaren bat" hartu zuen atentatuak egin baino lehen, eta harrituta zegoen Poliziak ez zuelako hil tiroketan.

Geir Lippestad abokatuak azaldu duenez, Breivikek zera esan zion atzo epaileari, Islamaren aurkako sare bateko kide dela, Norvegian "bi zelula" dituela, eta atzerrian ere "hainbat" dituela. Poliziak, baina, zalantzan jarri ditu argudio horiek.

Biktimen zerrenda

Bestalde, Norvegiako atentatu bikoitzan hildako lau biktimen aurreneko datuen eta izenen zerrenda argitaratu du Norvegiako Poliziak arratsaldean, Poliziako bozeramaile batek jakitera eman duenez.

Zerrenda Interneten argitaratu dute eta bertan biktima bakoitzaren adina, izena eta bizilekua jakinarazi dute, iturri berdinak erantsi duenez. Momentuz berreskuratutako 76 gorpuetatik formalki identifikatu dituztenen datuak igorri dituzte soilik.

Utoyako tiroketan hil zen 23 urteko gaztea, bonba-autoaren ondorioz hil ziren 56 eta 61 urteko bi emakume eta 32 urteko gizonezko bat identifikatu ditu Poliziak.

Poliziaren webguneak arazo ugari izan ditu egunean zehar, eta arratsaldeko 18:00etan kolapsatu egin da. Biktimen datu berriak egunero argitaratuko dituzte adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea