Mundua -
Atentatu bikoitza Norvegian
Poliziak lehergaiak eztandarazi ditu Breiviken etxaldean
Ez dago argi zer-nolako lehergaia zen eta zenbat zegoen. Etxaldea Oslo hiriburutik 160 kilometrora dago.
Erredakzioa
Norvegiako Poliziak lehergaiak eztandarazi ditu bart Anders Behring Breivik Osloko atentatuen ustezko egilearen etxaldean, Asta herrian, hiriburutik 160 kilometrora, Østlendingen eskualdeko poliziaburuak Aftenposten egunkariari baieztatu dionez.
Agentearen hitzetan, lehergaia topatu duten lekuan bertan leherraraztea, polizia-etxera garraiatzea arriskutsua izango zelakoan.
Trine Dyngeland Osloko Poliziaren fiskalak ere baieztatu du operazioa, eta eztanda etxaldearen alboko baso-inguru batean egin dutela gaineratu du.
Nolanahi ere, ez dago argi zer-nolako lehergaia zen eta zenbat zegoen.
Orain arte, etxaldean hiru tona ongarri atzeman dituztela baino ez dute jakinarazi.
Baliteke Gizateriaren aurkako krimenak egoztea
Bestalde, astelehen honetan ezagutu da balitekeela Breiviki Gizateriaren aurkako krimenak egoztea, 30 urte arteko espetxe zigorra jaso dezan. Izan ere, terrorismoa baino ez egotzita, gehienez jota 21 urte emango lituzke espetxean.
Halaber, haren abokatuak esan du "buruko gaitz bat" duela.