Mundua -
Fiskalarekin bildu ostean
DSK salatu zuen zerbitzariak esan du bere hitzak gaizki itzuli zirela
Salatzailearen abokatuak esan du bere bezeroaren itzulpenean akatsak izan zirela. Zeresana eman duen esaldi batean, zerbitzariak hauxe esan omen zuen: "Ez arduratu, gizon horrek (DSK) diru mordoa du".
Erredakzioa
Nafisatou Diallo, Dominique Straus-Kahn (DSK) politikari frantziarra salatu zuen etorkin ginearra, New Yorkeko Fiskaltzarekin bildu da. Bilera horretara, Kenneth Thompson abokatuarekin joan da salatzailea. Horren arabera, seguruenez bere bezeroak lehen prentsaurrekoa eskainiko du gaur. Horrez gain, abokatuak bere bezeroaren hitzak itzultzean akatsak egin zirela esan du. Zeresana eman duen esaldi batean, zerbitzariak hauxe esan omen zuen: "Ez arduratu, gizon horrek (DSK) diru mordoa du".
Bileraren ostean, abokatuak komunikabideei adierazi dienez, bilera ondo joan da eta bere bezeroak erasoaren ostean Arizonako preso batekin telefonoz izandako elkarrizketa bat argitu dute.
New Yorkeko luxuzko hoteleko zerbitzari ohiak "emagaldu" deitu ziotenek min eman diotela esan du eta ordu gutxitan biktima izatetik auzipetu izatera pasatu izana kritikatu du.
DSK kasuaren astearteko azken saioan epaiketa abuztuaren 23ra arte atzeratu zuten. Egun horretan bertan, Frantziako Ekonomia ministro ohia Michael Obus epailearen aurrera joan beharko da, prozesuaren etorkizuna zehaztuko baitute bertan, duela aste batzuk Fiskaltzak salatzailearen hitzak zalantzan jarri ostean.