Mundua -
Atentatu bikoitza
Tragedia emozioarekin eta adorearekin gogorarazi du Norvegiak
Anders Behring Breivik erasoen egilea bigarren aldiz galdekatu dute. Biktimak 77 dira dagoeneko, zaurituetako bat hil egin delako.
Erredakzioa
Tragedia emozioarekin eta adorearekin gogorarazi dute gaur Norvegiako herritarrek. Duela astebete gertatu zen tragedia. Bien bitartean, Jens Stoltenberg lehen ministroak zentzutasuna eskatu du Anders Behring Breiviken sarraskiari erantzuteko orduan.
Osloko herritarrek lore-eskaintza egin dute, eta argizariak eta mezuak utzi dituzte biktimen oroimenez. Azken zenbaketaren arabera, 77 biktima dira dagoeneko (zauritu bat hil da).
"Demokraziaren aurkako atentatu" bat izan zen, adierazi du Stoltenbergek militante sozialdemokrata gazteen aurrean.
Breivik berriro galdekatu dute
Bestalde, Breivik berriz galdekatu du Poliziak gaur, baina ez du jarraipen handirik izan. Astelehenean epailearen aurrera aurrenekoz eraman zutenean ikusmin handia sortu zuen.
Astebete geroago, biktimen behin betiko zerrenda argitaratu du Poliziak, identifikazioekin amaitu eta senideei jakinarazi ostean.
Breiviken osasun mentala auzitegiko bi psikiatrek aztertuko dute datorren astean, Poliziak jakinarazi duenez.