Mundua -

Koronabirusa

Apirilaren 8an indargabetuko dute koarentena Wuhanen

QR ziurtagiri berdea dutenek utzi ahal izango dute hiria. Pertsona batek kutsatu batekin edo gaixotasuna izan dezakeen herritar batekin kontakturik izan ez duela adierazten du kode horrek.

Apirilaren 8an indargabetuko dute koarentena Wuhanen
Apirilaren 8an indargabetuko dute koarentena Wuhanen
Apirilaren 8an bukatuko da koarentena Wuhanen

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Wuhan hirian apirilaren 8an indargabetuko dute urtarrilaren 23az geroztik indarrean dagoen koarentena. Hubei probintziako hiriburuan identifikatu zuten lehen aldiz koronabirusa, eta hortik mundu osora zabaldu da azken asteetan.

Horrez gain, Hubei inguruko gainerako hirietan joan-etorriak egiteko debekuak bertan behera utziko dituzte bihartik aurrera. Wuhango biztanleei dagokienez, QR ziurtagiri berdea dutenek utzi ahal izango dute hiria. Zehazki, pertsona batek kutsatu batekin edo gaixotasuna izan dezakeen herritar batekin kontakturik izan ez duela adierazten du osasun egoerarekin lotutako kode horrek.

Urtarrilaren 23an, Wuhango gobernuak neurri murriztaileak hartu zituen, eta autoen joan-etorria debekatzeaz gain, bertan behera utzi zituen garraio publikoko zerbitzuak eta aurreikusitako hegaldiak. Ondorioz, han bizi diren 11 milioi pertsona inguru hiritik alde egiteko aukerarik gabe geratu ziren.

Ordura arte, 17 pertsona hil eta 444 kutsatu ziren Wuhanen koronabirusarekin. Txinako Osasun Ministerioak gaur zabaldu dituen datuen arabera, dagoeneko 2.524 pertsona hil dira Wuhanen, eta guztira 3.160 dira Hubei probintzian hildakoak.

Tokiko agintariek azaldu dutenez, asteazken honetan hasiko dira indarrean dauden neurri murriztaileak bertan behera uzten. Osasun Ministerioak lau kasu baieztatu ditu, sei egun positibo berririk gabe igaro ostean. Horietako bat Wuhan hirian izan da.

Bestalde, izurritea hasi zenetik 81.171 kutsatu atzeman dituzte Txinan, eta horietatik 3.277 lagun hil dira. Dena dela, positibo eman zuten 73.159 pertsonari alta eman diete jada.

Testuinguru horretan, beste herrialdeetan kutsatu diren herritarren aurrean neurriak hartzea da orain Txinako Gobernuaren lehentasuna, izan ere, azken asteetan Asiara joan diren 427 pertsona kutsatuta zeudela baieztatu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Asia Koronabirusa