Mundua -

Dozenaka hildako protestetan

Al Asad Siriako presidenteak Armadaren 'leialtasuna' goraipatu du

Merkel Alemaniako kantzilerrak Siriako herrialdearen aurkako indarkeria etetea eskatu dio Gobernuari. EBk erregimenaren kontrako zigor berriak adostuko ditu, Haman izandako eraso odoltsuak direla eta.

Sarraskia Sirian: Presidenteak Armadaren leialtasuna goraipatu du

01:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bachar Al Asad Siriako presidenteak Armadaren "leialtasuna" goraipatu du aldizkari batean Armadaren 66. urteurrenaren harira. Militarrek erregimenaren kontrako protestetan egindako eraso gogorren biharamunean argitaratu da, hain zuzen, laudorioa.

Armada, bere sorreratik, "lurraldearen konpromisoen eta eskubideen defentsaren eredu" izan dela adierazi du Al Asadek

Siriako agintariaren aburuz, "lurraldea eta ingurua zatitzeko azpijokoa dago prestatuta" eta hori pentsatu dutenek "ez dute Siriak konspirazioei aurre egiteko duen aparteko gaitasuna kontuan izan".

"Eraso gaizto hau ez da aurrekoak baino eraginkorragoa izango. Siriako pertsona zintzo guztiek badakite krisi honetatik indartsuago irtengo garela, eta eskualdean zein nazioartean eraginkorragoak izango garela", erantsi du.

Halaber, Armadak "herriari, bere lurraldeari eta bere sinesbideari leialtasuna" erakutsi diola azaldu du eta "esfortzu eta ahalegin guztiak miretsiak" izango direla gaineratu du.

Dozenaka pertsona (erakunde batzuen arabera ehun baino gehiago) hil ziren atzo Armadak hainbat hiritan egin zituzten erregimenaren kontrako protestetan egindako erasoaldi bortitzetan. Hama hirian izan ziren eraso odoltsuenak.

Buruzagi politikoek erasoak gaitzestu dituzte

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Haman izandako erasoa gaitzestu du eta herrialdearen aurkako indarkeria bertan behera uztea eskatu dio Siriako Gobernuari.

Bestalde, Turkiak -Siriako Gobernuaren aliaturik nagusiena- "erabateko desadostasuna" erakutsi du eta Hama hirian Armadak egindako erasoagatik "tristura" agertu du. "Onartezina da siriarrentzat horrelako Ramadanen hasiera bat. Erasoa errefusatzen dugu", baieztatu du Turkiako diplomaziaren burua.

Alain Juppe Kanpo Arazoetarako Frantziako ministroak Haman izandako erasoa ere gaitzestu du. "Jakin dezaten Siriako arduradun politikoek, militarrek eta segurtasun indarrekoek Justiziaren aurrean egindakoagatik zigorra jasoko dutela", adierazi du Juppek.

EBk zigorrak ezarriko dizkio Siriari

Siriako erregimenak Haman eta beste hainbat hiritan erabilitako indarkeria bortitza dela eta zigor berriak adostuko ditu gaur Europar Batasunak.

Michael Mann Kanpo Harremanetarako bozeramaileak esan duenez, erabakia "berehalakoa" izango da eta datozen orduetan sinatuko dute Batasuneko 27 kideek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea