Mundua -

Venezuela

AEBk Maduroren aurkako karguak aurkeztu ditu eta 15 milioiko saria eskaini du

Madurok AEBk egindako salaketei erantzun die, eta herrialde hori zein Kolonbia boteretik ateratzeko konspiratzen ari direla esan du.

Nicolas Maduro, Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro, Venezuelako presidentea
Madurorentzat ''erokeria'' da AEBk narkotrafikoagatik inputatu izana

0:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen aurkako karguak aurkeztu ditu, narkoterrorismoa leporatuta, eta 15 milioi dolar eskaini ditu hura atxilotzen lagundu dezakeen edozein informazioren truke. Erabaki horrek nabarmen handitu dezake Washingtonen eta Caracasen arteko tentsioa.

Floridako eta New Yorkeko fiskalen arabera, azken 20 urteetan, alegia, Hugo Chavez presidente zenak 1999an boterea hartu zuenetik, Venezuelako Gobernuak FARCekin "konspirazio bortitz eta ustel batean" parte hartu du kokainarekin trafikatzeko.

Antza denez, Venezuelan, "Eguzkien kartela" da droga-trafikoarekin lotuta dagoen gaizkile-talde nagusia. Izenak Venezuelako goi mailako militarrek uniformean daramatzaten intsigniei egiten die erreferentzia.

AEBko fiskalen arabera, talde horren ustezko "arduradun nagusia" Maduro bera da, eta FARCekin "aurrez aurre" negoziatu omen zuen gaizkileei armak ematea. Horrez gain, elkarrizketak hasi zituen beste herrialde batzuekin, hala nola Hondurasekin, kokaina bere lurraldetik pasatzea errazteko, akusazio idatzien arabera. AEB "kokainaz betetzea" zen, ustez, Maduroren asmoa.

AEBko Gobernuaren esanetan, 2004tik urtero 250 tona kokaina inguru sartu dituzte gaizkile-taldeek herrialdean.

Hori dela eta, AEBk 15 milioi dolar eskaintzen ditu Maduro atxilotzea ahalbidetzen duen edozein informaziorengatik, eta 10 milioi dolar Diosdado Cabello Asanblea Nazional Konstituziogileko (ANC) presidentearen eta chavismoaren gizon indartsuetakoaren kasuan.

Maduroren erantzuna

Erabaki horrekin, AEBk Maduroren gaineko presioa handitu nahi du, Juan Guaido oposizioko buruari boterea uztera behartzeko.

Twitter bidez zabaldutako mezu batean, Madurok AEBk egindako salaketei erantzun die, eta herrialde hori zein Kolonbia boteretik ateratzeko konspiratzen ari direla esan du.

"Nire salaketa berresten dut! AEB eta Kolonbia nire gobernuaren kontra konspiratzen ari dira, eta Venezuela indarkeriaz betetzeko agindua eman dute. Estatuburu gisa, aberrian bakea eta egonkortasuna bermatzera behartuta nago, edozein egoeratan. Ezin izan dute eta ezingo dute lortu!", adierazi du.

Aurten AEBn egingo dituzten hauteskundeei begira, Donald Trumpentzat mesedegarria izan daiteke Maduroren aurkako akusazioa Floridako estatuan; izan ere, 2016an alde gutxirekin irabazi zuen, eta haien jaioterritik ihes egin duten milaka kubatar eta venezuelar bizi dira han.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak Drogak Hauteskundeak AEB Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Kolonbia Latinoamerika Nicolás Maduro