Mundua -

Urtebete, atera zituztela

Zer gertatu da Txileko 33 meatzariekin?

33 meatzarietatik 31k Txileko Estatua salatu dute meategia istripua izan aurretik ez kontrolatzeagatik.

104

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren abuztuaren 5ean urtebete izango dira Atacamako basamortuan (Txile) dagoen San Jose meategian, lurpean, 700 metrora, harrapatuta gelditu ziren 33 meatzariak erreskatatu zituztela. Guztira, 69 egun egon ziren lurpean. Hala ere, langile guztiak bizirik atera zituztenean bizitako pozaren ostean, zer gertatu da meatzariekin? Oso istorio desberdinak dira, baina, mota guztietako eskaintzak jaso izan arren, gizon horien bizitza konplikatu egin da eta, hainbeste eguneko itxialdiaren ostean, arazo psikologikoak dituzte. Askok ezin izan dute euren bizitza berregin, Luis Urzua meatzariak adierazi duenez.

"Inoiz ezin dut 04:00 edo 05:00 arte lo hartu", esan du Omar Reygadasek, Fenix kapsulari esker meategitik atera zen hamazazpigarren meatzariak. "Bakarrik egotea ez dut batere gustuko eta maiz egiten dut negar", gaineratu du.

Aurrera jarraitu

Erreskatearen ostean, Leonardo Farkas dirudun xelebreak hamar mila dolarreko txekea eman zion meatzari bakoitzari. Diru horrek eta gehiago jasoko zutela agindu izanak asko baldintzatu zituen gizonak meategitik atera bezain laster. Hala ere, liburuak idazteko eta pelikulak egiteko hainbat eskaintza egingo zizkietela esan zieten arren, ez dute etekinik jaso.

Carlos Mamani, taldeko boliviar bakarra, etxe xume batean bizi da oraindik, bikotekidearekin eta euren umearekin, Copiapoko kanpoaldean. Evo Morales Boliviako presidenteak etxe berria emango ziola zin egin zion, baina oraindik ez du berririk jaso eta Mamanik nahiago du gai horri buruz ez hitz egin.

Hala ere, meatzarietako batzuek ametsak bete dituzte. Edison Peñak, egunean meategian hainbat kilometro korrika egiten zituen Elvis Presleyren jarraitzaileak, adibidez, New Yorkeko maratoian parte hartu zuen.

Reygadas, meatzari nagusienetako bat (56 urte), eta Mario Sepulveda, meategian filmaketak egin zituena, hainbat herrialdetan izan dira motibazioaren inguruko hitzaldiak ematen.

Pelikula eta salaketa

Mike Medavoy Black Swan filmaren ekoizleetako batek 33 meatzarien istorioa oraindik ere interesatzen zaiola adierazi du. Phoenix Pictures ekoiztetxeko presidentea ere badenaren ustez, langile horiei gertatutakoa "giza izpirituaren garaipenari buruzko istorio bat da, adoreari eta Txileko herriaren iraunkortasunari omenaldia da".

Arrakasta eta iritzi horiek guztiek jasotzen dituzten bitartean, 33 meatzarietatik 31k Txileko Estatua salatu dute meategia istripua izan aurretik ez kontrolatzeagatik.

Erretiro aurreratua

33 meatzarietatik 14k erretiro aurreratua eskatu zuten duela aste batzuk, ezbeharraren ondorioz arrasto psikologikoak eta fisikoak dituztela argudiatuta.

Ostiral honetan istripuaren lehen urteurrena beteko da eta langileek erretiroa aurreratuko dietela adieraztea espero dute. Guztira, hilean 435 dolar kobratuko lituzkete, Gobernuak ezarritako gutxieneko soldata baino zertxobait gutxiago.

Urzuak adierazi duenez, meatzariek "gobernuaren erantzun on bat espero dute" eta, erretiroa jasoz gero ere, ez dute Estatuaren aurkako salaketa kenduko.

"Ez da guk aukeratutako zerbait", esan dute. "Eta han behean gelditu izan bagina? Nonbait gurutze bat eta haren inguruan gure argazkiak egongo balira? Hori hobeto egongo litzateke?", gaineratu dute.

Gertakariaren ostean, 33 meatzariak Txileko gainerako meatzariak bezala bizi dira, lan ezegonkorrarekin eta soldata baxuekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea