Mundua -
Sydneyn (Australia)
Gazte bat 'bonba-lepoko' batetik askatzea lortu du Poliziak
Madeleine Pulver 18 urteko gaztea onik atera da, Poliziako artezilari taldeak lepoko lehergailua indargabetu ostean.
Erredakzioa
''Bonba-lepoko'' bat lotuta zeukan gazte bat askatzea lortu du Australiako Poliziak. Operazioak hamar orduko iraupena izan du, lehergailua oso konplexua baitzen, The Australian egunkariak jakitera eman duenez.
Madeleine Pulver 18 urteko gaztea onik atera da Poliziako artezilari adituen taldeak lehergailua indargabetu ostean. Operazioan erreskate taldeek, artezilariek eta anbulantziek parte hartu dute.
Gazteak Poliziari abisua eman zion goizaldean. Lepokoa bere etxean, Mosman auzoan, jarri zioten. Mosman Sidney iparraldeko luxuzko barrutia da.
Abisua jaso ostean lau polizia etxebizitzan sartu ziren eta lehergailua aztertu zuten. Gaztearen gurasoek kalean itxaron dute. Poliziak inguruko kaleak eta etxebizitzak hustu ditu eztandaren arriskua zela-eta.
The Australian egunkariaren esanetan, kaputxadun gizon bat asteazkenean, 02:00ak aldera, gaztearen etxean sartu zen eta lehergailua jarri zion erreskate ohar batekin, baina Poliziak ez du datu hori baieztatu.