Mundua -

KORONABIRUSA

Ehunka milioi txinatarrek hiru minutuko isilunea egin dute biktimen alde

Dolu nazional eguna izendatu zuen gaurkoa Gobernuak eta hiru minutuko isilunea deitu zuen koronabirusak herrialdean hil dituenen alde, tartean "martiri" izendatutako 14 lagunen alde.

Gaurko isilunean parte hartu duen talde bat, Pekinen. Argazkia: EFE
Gaurko isilunean parte hartu duen talde bat, Pekinen.
Gaurko isilunean parte hartu duen talde bat, Pekinen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak Txinan hil dituen 3.326 herritarren alde hiru minutuko isilunea egin dute gaur ehunka milioi herritarrek, sirena antiaereoak zein auto, tren eta itsasontzietako bozina hotsak entzuten ziren  bitartean.

Dolu nazional eguna izendatu zuen apirilaren 4a Txinako Gobernuak, gaitzak hildakoen eta borrokan aritu diren "martirien" alde.

Hala, 10:00ak zirenean (02:00 GMT),  herritarrak geldi geratu dira zeuden tokian, isilik, autoek bozina jotzen zuten bitartean, eta hondamendi abisua emateko sirenek ere jotzen zuten bitartean. Hiru minutu horien amaieran "Aurrera Txina!" oihukatu dute eta txalo zaparrada batekin amaitu dute omenaldia.

Hubeiko probintziako Gobernuak 14 pertsonari eman die "martiri" izendapena -Alderdi Komunistak eman duen ohorezko titulu handiena-; tartean, koronabirusaren aurka lanean aritutako 12 medikuri.

Horietako bat Li Wenliang medikua da. Abendu amaieran Wuhango Poliziak atxilotu egin zuen lan egiten zuen ospitalean SARSaren antza zuen pneumoniaren sintomak zituzten gaixoak zeudela ohartarazi zielako lankide batzuei.

34 urteko mediku gazteari "zurrumurruak zabaltzea" leporatu zioten eta bere "akatsa" onartzen zuen testu bat sinatuarazi zioten. Ondoren, Li bera ere kutsatu egin zen eta handik hilabete batzuetara hil zen. Omenaldi ugari jaso ditu geroztik eta oso kritikatua izan da agintarien jarrera berarekiko.

Jaisten ari dira kanpotik heldutako kasuak, Txinaren beldurrik handiena

Bestalde, "inportatutako kasuak" gutxitzen jarraitzen dute Txinan. Ostiralean 19 kasu berri atzeman zituzten herrialde osoan eta horietatik 18 kanpotik joandako pertsonak ziren, Osasun Batzordeak jakitera eman duenez.

Atzerritik etorritako kasu horiek munduko beste herrialdeetan bizi ziren txinatarrak dira, pandemia zabaldu den honetan euren jaioterrira itzuli direnak, alegia. Kutsatze lokalak izugarri jaitsi diren honetan, kanpotik iritsitako kasu horiek dira agintarien kezka nagusia.

Oro har, 1.562 koronabirus kasu aktibo daude une honetan Txinan, horietatik 331 larri.

Guztira 81.369 kasu konfirmatu izan dituzte orain arte, 76.755 sendatu egin dira eta 3.326 hil dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Asia Koronabirusa