Mundua -

Koronabirusa

Boris Johnson oxigenoa hartzen ari da, baina "ez dago arnasgailuarekin"

Lehen ministroaren faltan, Damonic Raab Atzerri Gaietarako ministroak hartuko ditu Johnsonen ardurak.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: Efe
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: Efe
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: Efe

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa oxigenoa hartzen ari da koronabirusagatik ospitaleratu ostean, baina "ez dago arnasgailuarekin", argitu du Michael Gove Erresuma Batuko Kabinete ministroak, Johnson zainketa intentsiboetako unitatean sartu eta biharamunean.

Johnson igandean eraman zuten ospitalera, COVID-19an positibo eman zuela jakin eta 10 egunera. "Haren egoerak okerrera egin zuen", eta medikuek atzo erabaki zuten, 19:00ak aldera, zainketa intentsiboetako unitatean sartzea, Govek azaldu duenez.

"Lehen ministroa ez dago arnasgailuarekin. Oxigenoa hartzen ari da", gaineratu du Govek BBCn egin dioten elkarrizketan, Johnsonen egoerari buruzko azken orduetako espekulazioak isiltzeko.

Lehen ministroaren faltan, Damonic Raab Atzerri Gaietarako ministroak hartuko ditu haren ardurak.

Dena dela, Kabinete ministroak esan du koronabirusari buruzko erabakiak ez dituela Raabek bakarrik hartuko, baizik eta "kolektiboki" hartuko dituztela, adituek aholkatzen dutenaren arabera. Johnsonek martxoaren 24an iragarri zuen hiru asteko konfinamendua, baina ateak ireki zizkion luzapenari.

Gaurko elkarrizketaren ostean, BBCko iturrietatik jakinarazi dute Gove isolatu egin dutela etxean, senide batek koronabirusaren sintomak zituelako.

Nazioarteko hainbat buruzagik babesa helarazi diote Johnsoni, tartean Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Donald Trump AEBkoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Ingalaterra Boris Johnson Koronabirusa